INFO

Euskaraldian izena emateko epea zabaldu da, ahobizi edo belarriprest izateko aukera

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu da ostegun honetan. Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunetan ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

Gasteizen egindako agerraldia. (IREKIA)

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu da ostegun honetan. Epea irekita egongo da azaroaren 19ra arte, eta duela bi urte egindako edizioan moduan, herritarrek ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartzeko aukera izango dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozial honetan.

Koordinazio lanetan ari diren eragileek aurkeztu dute gaur Gasteizen Euskaraldiaren bigarren edizio hau eta parte hartzeko dei zabala egin diote gizarteari. Ekitaldian parte hartu dute Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak.

Halaber, Oihaneder Euskararen Etxean egon dira ere Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua, Zuriñe Gil Gasteizko GEU elkarteko kidea eta Maialen Sobrino Zaramaga auzo elkarteko kidea.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute antolatzaileek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan.

Lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. 16 urtez gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest modura. Aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak.

Parte hartzeko deia

Parte hartzeko dei zabala egin dute Gasteizen egindako agerraldian egondako eragile eta ordezkari guztiek. Euskaraldiaren lehen edizioan ahobizi eta belarriprest rolak hartu zituzten herritarrak berriz ere izena ematera animatu dituzte bertaratuek, eta arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela adierazi dute. Orain arte ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi duten herritar guztiek ere izena eman beharko dute.

Izena emateko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.

Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzaileak, nabarmendu duenez, «herri batzordeak eta ariguneak aktibatuta dauden honetan, herritarrei deia egin nahi diegu belarriprest edo ahobizi modura Euskaraldian parte har dezaten. Lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugu, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa».

Ere berean, Amonarrizek duela bi urteko «enpatia eta ilusioa» berreskuratzeko unea heldu dela azaldu du. «Begiradak, konplizitatea ,sintonia onak… berriz bizitzera goaz. Eta hauek ere ahalik eta jende gehienera iristea lortu nahi dugu», gaineratu du, eta euskaren aldeko jauzia egiteko garaia dela ohartarazi.

«Herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo», azpimarratu du.

Covid-19aren eragina

Agerraldian hitza hartu duten ordezkariek bigarren Euskaraldian covid-19ak eragindako pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu dute. Gizartea kolpatu duen pandemiak euskaran ere eragina izan duela azaldu dute agerraldian. Horregatik, Euskaraldia, duela bi urte modura, euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dute helburu antolatzaileek.

«Azken hilabeteotan pandemiak gogor jo gaitu. Samina eragin du familia askotan, eta denok utzi gaitu pattal samar. Eta une honetan ilusioa behar dugu. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukela», nabarmendu du Zupiriak.

Azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta dauden batzordeetan, eta horrek ere eragingo du. Hala ere, lehen edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izena eman duen herri kopurua 412koa izan da, aurreko edizioan 405 herritan egin zen.

Hortaz gain, jadanik 4.300 baino gehiago dira ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo dira. Era guztietako entitateek ariguneak sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

Nafarroan, euskararen gaitasunean, adinaren aldagaiak «biziki» eragiten duela adierazi du Ollok. «Euskaraz dakiten gazteen ehunekoak goraka egin du azken urteotan etengabe. Nafarroan, gazteen %25a da euskalduna. Belaunaldi euskaldunagoak datoz, hemen daude eta euskarak etorkizuna duela erakusten digu honek. Espero dezagun gazteen euskararen aldeko hautua indartzea eta euskarari leku gehiago ematea», esan du.

Euskararen sustapena nabarmena da Araban eta Gasteizen. Gonzalezek gogoratu ditu herrialdean martxan jarri diren ekimenak, eta Urtaranek herritarren parte hartzea goraipatu du: «Iaz 15.000 gasteiztarrek eman zuten Euskaraldian parte hartzeko izena. Eta aurten marka hori gaindituko dugu. Ziur nago. Gasteiz ahobizi eta belarriprestez bete behar dugu berriro. Eta euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrei egiten diet gonbidapena bereziki. Beraiek dira erronka nagusi eta politena orain».

Ekitaldia arratsaldean

Izen-ematea abiatzeko ekitaldia egingo da gaur osteguna, irailak 24, 19:00etatik aurrera Bergarako Seminarixoan. Ekitaldian, besteak beste, Euskaraldiaren bigarren edizioaren kantua eta bideoklipa aurkeztuko dira. Ekitaldiaren zuzeneko emanaldia egingo dute toki telebistek eta hainbat toki hedabidek beraien webguneen bidez.