«Memoria ibiltaria» eginen du bihar ezker abertzaleak Donibane Lohizune eta Ziburu artean
«Euskal Herriaren historian gertaera garrantzitsuak izan diren lekuetan hitz hartzeak, lekukotasunak eta ekimen ezberdinak izanen dira», azaldu du ezker abertzaleak. Donibane Lohizunen hasi eta Ziburuan amaiera izanen duen «memoria ibiltaria» antolatu du gerra zikinaren biktimak oroitzeko.
Duela 45 urte gertatu ziren Frankismoaren azkeneko fusilamenduen urteurrenarekin batera, irailaren 27an, «memoria ibiltaria» ekimena bultzatu du aurten ezker abertzaleak Ipar Euskal Herrian.
Agurtzane Arregi, Mikel Goikoetxea ‘Txapela’, Xabier Galdeano eta Didier Lafitte omenduz hasiko du mugimendu honek Gudari Egunerako antolatu duen ekimena.
Lehen hiruak gerla zikinaren biktimak izan ziren eta Lafitte berriz, frantziar Poliziak erail zuen. Hitzordua 11.00etan emana da, Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan.
«Euskal Herriaren historian gertaera garrantzitsuak izan diren lekuetan hitz hartzeak, lekukotasunak eta eskaintza ezberdinak izanen dira«, jakinarazi dute antolatzaileek.
Hala, ekimenaren abiapuntua den omenaldia egin ondotik, Ziburura joko du ibilaldiak, bertan Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ desagerrarazi zuten militantea gogora ekarriz. «Aurten 40 urte igaro dira Ziburun azken aldiz bere arrastoa galdu zenetik eta oraino ez da aurkitua izan», oroitarazi dute biharko ekitaldira bertaratzeko gomita eginez plazaratu duten oharrean.
Ekitaldi nagusia Ziburuko plazan eginen dute, «iragana, oraina eta geroa» lotzeko xedez. Ezker abertzaleak azpimarratu duenez, «azken hamarkadetan etenik gabe Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokara milaka herritar batu dira eta egun ere milaka dira militantzia esparru ezberdinetan bere onena emanez jarraitzen dutenak».
Besteak beste engaiamendu anitza eta iraunkor horri esker oso bestelako alorretan Ipar Euskal Herriak aitzinamendu handiak egin dituela azpimarratu nahi dute.