Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu abenduaren 31n
Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteak batzar nagusia egin du astearte honetan Durangon. Bertan kooperatiba desegitea onartu dute, zuzendaritza batzordeak proposatutako erabakiak onetsiz. Eraikina Udalaren esku geratuko da.
Plateruena Kafe Antzokia ateak itxiko ditu. Hala erabaki du kooperatiba elkartearen Batzar Nagusiak, astearte honetan Durangon bildutakoa. Ohar batean azaldu dutenez, ezohiko Batzar Nagusian, Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteko bazkideek kooperatiba desegitea onartu dute, zuzendaritza batzordeak proposatutako erabakiak eta neurriak onetsiz.
«Erabaki hau egoera ekonomikoak behartua izan da. Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei covid-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko aukera», azaldu dute zuzendaritzako kideek.
Kooperatiba deseginda eta eraikinaren ustiapena etenda, Durangoko Udalaren esku geratuko dira, aurrerantzean, bai azpiegiturak bai etorkizuneko erabilera. «Prozesuak dirauen bitartean, kultur ekimenekin aurrera jarraitzea aurreikusten dugu udazkenean, Plateruenako ohiko ostalaritza zerbitzuak itxita egongo diren arren; Plateruena ikuskizunak daudenean bakarrik zabaltzeko asmoa dugu, beraz, udan zehar egin dugun moduan. Azkenik, abenduaren 31n amaiera emango diogu orain arteko ibilbideari, 2020 urtearekin batera», gaineratu dute.
Duela 30 urte sortu zen Berbaro euskara elkartea Durangon, eta haren bultzadaz heldu zen Plateruena 2004an. Orain 16 urteko ibilbidea datozen hilabeteetan amaituko da. «Asmo handiko kultur proiektu herritarra izan da gurea, eta arlo ekonomikoak nekeak eragin dizkigu. Ostalaritza zerbitzuetatik egin nahi izan dugu bideragarri kultur jarduna, eta ez dugu lortu ahal izan. Tartean, kultur kontsumoaren eta ostalaritzaren beherakada ez ezik, bigarren krisialdi orokorra egokitu zaigu orain», nabarmendu dute.