INFO

Toribio Noain Funtsa Dohaintzan jaso du Kutxa Fototekak

Toribio Noain argazkilariaren funtsa jaso du dohaintzan Kutxa Fototekak. Lehendik duen artxibo oparoa aberastera dator. Beirazko xafletan gordetako 32 negatibok, XX. mende hasierakoak, osatzen dute funtsa.

Toribio Noainen irudiak Kutxa Fototekak gordeko ditu aurrerantzean. (NAIZ)

Toribio Noain Arzac (1878-1950) argazkilariaren oinordekoek haren izena duen funtsa eman diote dohaintzan Kutxa Fototekari. Beirazko xafletan gordetako 32 negatibok, XX. mende hasierakoak, osatzen dute funtsa. «Argazki batzuk familian eginiko irudiak dira; beste batzuk, ‘Novedades’ aldizkariaren erreportajeetan argitaratutakoak», adierazi dute arduradunek.

Dohaintzak osatu egingo du Kutxa Fundazioak bere fototekaren bidez babesten, ikertzen eta zabaltzen duen argazki ondarea. «Kutxa Fototekaren argazki funtsak ezin hobeto erakusten du Gipuzkoako XIX. eta XX. mendeetako historia politikoa, soziala eta kulturala, eta lurralde horren memoria gordetzen duen argazki artxibotzat har daiteke», nabarmendu dute.