INFO

EOS-ek eta Musikenek, orkestra bakarrean elkartuta, kontzertua eskainiko dute ostiralean

Euskadiko Orkestrako zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak lehendabizikoz elkarrekin entzuteko aukera egongo da. Izan ere, hezkuntza jarduera propioa egin dute eta orkestra bakar batean elkartuko dira. Emaitza ostiral honetan ikusiko da.

EOS eta Musikeneko kideak, gaur elkarrekin egindako entseguan. (Jon URBE | FOKU)

Ostiralean 19.30ean, Musikeneko auditorioan egingo den aparteko kontzertuarekin amaituko da aste honetako elkartzea. Taldea Jaume Santonjak zuzenduko du. Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu gisa bere estreinaldia izango den honetan Euskadiko Orkestrako zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak Miramonen elkartu dira aste honetan orkestra bakar batean orkestra praktika lana egiteko.

Bi erakundeek 2012. urteaz geroztik Aula Jordá Gela hitzarmena garatzen dute eta hor kokatzen da aste honetako lankidetza. Hitzarmen honek jasotzen duen jarduera nagusietako bat da Musikeneko Orkestra Ikasketa Master Ofizialeko ikasleek praktika profesionalak egitea Euskadiko Orkestraren barruan. Horri esker, ikasleek orkestra profesional baten lanaren benetako bizipena dute eta, horregatik, denboraldi bakoitzean Euskadiko Orkestraren zenbait kontzertutan parte hartzen dute, beste musikari bat bezala lanean jardunez.

Lehen aldiz, bi erakundeek ikasturteari hasiera emateko orkestra bakar batean elkartzea erabaki dute. Bertan Euskadiko Orkestrako hogeita hiru musikari egongo dira eta Musikeneko hogeita sei ikasle, horietako hamar pasa den ikasturtekoak eta beste hamasei aurten masterra ikasten hasiko direnak. Berrogeita hamar bat musikarik osatutako orkestrak Josef Suk (1874-1935) konposatzaile txekiarraren ‘Serenata’ eta Wolfgang Amadeus Mozarten (1756-1791) 41. Sinfonia, ‘Jupiter’, eskainiko ditu.

Gaur Euskadiko Orkestraren egoitzan egin den ezohiko topaketa eta kontzertuaren aurkezpenean, Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak azpimarratu du «Euskadiko Orkestraren eta Musikeneren arteko aliantza estrategiko honek duen garrantzia, etorkizuneko musikarien ongizatearen alde egiten duen heinean». «Horrelako proiektu berritzaile bat sortu izana arrakasta partekatua da», gaineratu du.

Bestalde, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak adierazi duenez, «proiektu paregabea da aste honetan egiten ari garena, eta masterra hasten ari diren ikasleentzat iritsi bezain pronto orkestra-praktika horiekin hasi ahal izatea aukera aparta da».

Jaume Santonja 2020/21 denboraldirako Euskadiko Orkestrako zuzendari elkartuaren aurkezpen ofiziala egiten du Rochek. Bere esanetan, 34 urte bete berri dituen Santonjak «ibilbide profesional bikaina eta etorkizun oparoa du».

Santonja «oso pozik» agertu da Euskadiko Orkestrarekin elkarlana hasteagatik, are gehiago lehen kolaborazioa musikarien formaziorako proiektu batekin egiteagatik: «Musikene erreferentziazko eskola bat da eta bere ikasleentzat aukera paregabea da profesional gisa jardun ahal izatea, are gehiago errepertorio ikusgarri honekin».

«Instrumentistak ez garenontzat –orkestra da gure instrumentua–, musika egitea ia miraria da egungo egoeran eta, beraz, oso eskertuta nago», gaineratu du.

Prentsaurrekoan izan dira, baita, egunotan entseguetan parte hartzen ari diren Musikeneko bi ikasle, Marie-Heloïse Arbus Frantziako Tolosako biolinista eta Maria Albela biola valentziarra. Biak ados egon dira master honek orkestra arloan ikasteko aukera paregabea eskaini diela esatean, eta aste honetan ahalik eta gehien aprobetxatzen ari dira ingurune profesional batera hurbiltzeko aukera.

Musikeneko auditoriumean (Europa plaza, 2, Donostia) egingo den kontzerturako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.