INFO

Argi Dusko Ivanovicekin: «Jokalari bakarra erlaxatzen bazaigu, arazoak izango ditugu»

Izar Gorriaren kantxan jokatuko du ostiral honetan TD Systems Baskoniak, Euroligako Fase Erregularreko bigarren jardunaldiko dema. Zoran Dragic Belgraden da taldekideekin, nahiz eta ezin den aurrez esan jokatuko ote duen.

Topera ez badago ere, Zoran Dragic Belgraden dago taldekideekin batera. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

TD Systems Baskoniak bi aurpegi erakutsi zituen joan den astean 48 orduren buruan. Ostiralean Real Madril airean erabili zuen, batez ere Pierria Henryk eginiko partida ikaragarriari esker. Domeka arratsaldean, berriz, Sito Alonsok zuzentzen duen UCAM Murtziak merezitako garaipena eskuratu zuen Zurbaon. Gorabehera horiek sekulako haserrea sorrarazi zioten Dusko Ivanovic entrenatzaileari eta bere taldea «serioa ez dela» bota zuen igandeko partida osteko prentsaurrekoan.

Lasaiago, ostegun honetan diskurtso berbera jarraitu du, Bekgradeko izar Gorriari ostiral honetan bisita egin aurretxoan. «Ulertzekoa da jokalariak tarteka erlaxatzea. Gizakiak gara denak, eta tira. Halakorik behin gertatzea onartu nezake... gehiago ez, ordea. Hemendik aurrera bi egunetik behin neurketak jokatu beharko ditugu eta jokalariek argi izan behar dute hori mentalki prest egoteko. Taldea ez, taldeko jokalari bakar bat erlaxatzen baldin bazaigu, arazoak izango ditugu, izan ere».

Hala, Dusko Ivanovicekin tratua nahi duenak, badaki zein preziotan dagoen saltzeko. «Nekatuta bazaude ohetik ere ezingo zinateke altxatu. Profesionalak gara eta jokalariek badakite zer duten zain hemendik aurrera. Fisikoki taldea ondo dago, baina mentalki prest egon behar dute jokalariek bi egunetik behin partida gogor bat jokatzeko», azpimarratu du Bijelo Poljeko entrenatzaileak.

Bestetik, Zoran Dragic ere Belgraden da, TD systems Baskoniako gainontzeko jokalariekin batera. Hala ere, ez dago argi esloveniarrak jokatzerik izango duen. «Hobeto dago eta gurekin izango da. Ez dago topera eta ikusi egin behar jokatzerik duen», onartu du Dusko Ivanovicek.

Bestetik, taldeko jokalari gazteen lanari buruz galdetuta, «oso ongi ari direla» onartu du Montenegroko teknikariak. «Hala ere, eskarmentu gehiago duten jokalarien laguntza behar dute gazteok beren kabuz partidan zehar erabakiak hartzen has daitezen. Hargatik, nik uste denboraldiak aurrera egin ahala gehiago eta hobeto jokatuko dutela», gaineratu su Ivanovicek.

Izar Gorria, amerikar txikien itzalpean

Belgradeko Izar Gorriaren aurka 19.00etatik aurrera neurtuko dira gasteiztarrak Aleksandar Nikolic Hall; hau da, Hala Pionir mitikoan, nahiz eta zalerik ezin bilduak xarma apur bat kenduko dion Euroligako Fase Erregularreko bigarren jardunaldiko neurketa honi.

Sasa Obradovic entrenatzaile serbiarra da Belgradeko «Ijitoen» burua. «Defentsa gogorra eta oldarkorra egiten dute eta diziplina handiko taldea da», ohartarazi du Dusko Ivanovicek osteguneko prentsaurrekoan. Hall, Walden eta Loyd estatubatuar «txikiek» gidatzen dute serbiarren talde jokoa, eta handik aurrera Kuzmic, Lazic edo Simonovic etxeko jokalariek daramate Begradekoen ekimena. Aurreneko jardunaldian 77-63 galdu zuen Izar Gorriak Fenerbahçeren etxean, baina lanak eman zizkion Igor Kokoskoven taldeari, batez ere aurreneko 15 minutuetan.