INFO

Etxegabeak, tartean adingabeak, «abandonatuta uztea» aurpegiratu diote Gasteizko Udalari

Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak Gasteizko Udal Gobernuaren sentsibilitate eskasa deitoratu dute hiri honetako pertsona ahulenek pairatzen duten egoeraren aurrean.

Gasteizko Plaza Berrian egin dute prentsa agerraldia. (ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK)

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak gogoratu du joan den maiatzean, konfinamenduaren ondorengo lehenengo fasean, idazki bat bidali ziola Gorka Urtaran Gasteizko alkateari, beraien irizpidearen arabera hiriak pertsona ahulentzat –oro har etxerik ez dutenentzat eta pertsona migratzaileentzat edo babes bila dabiltzanentzat– dituen arazoak azalduz.

Idazki horretan udal-politika hori zuzentzeko zenbait jarduera eskatu zioten eta oraindik erantzun ez izana gaitzetsi dute: «Antza denez, ez da loa kentzen dion zerbait, askoz garrantzitsuagoak dira Abiadura Handiko Trenaren lurperatzea edo autobus elektrikoa, eta proiektu horietara diru publiko asko bideratzen da».

Azken urteetan, baliabide ezak bultzatuta, zenbait adingabe ere etxerik gabe geratu direla ohartarazi dute: «Hori ezin da onartu, eta Gasteizko Udalaren berehalako konponbideak behar ditu. Kalean uzten diren pertsonez ari gara, eta, bereziki, adingabeez».

Era berean, Arabako lurraldean baliabiderik ez dagoela deitoratu dute. «Ezin dugu onartu Urkullu mezu hipokritak bidaltzen ari den bitartean, Greziako pertsonei harrera egiteko jarrera erakutsiz, hemen daudenak erabat abandonatuta uztea berak eta bere alderdiko alkateek», nabarmendu dute.

Etxegabeak babesteko estrategiak

Bere garaian eginiko eskaera horiek gogora ekarri dituzte ostegun honetan Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak eginiko prentsaurrekoan.

Lanik gabe geratu diren, etxegabetu dituzten, ordaintzeko arazoak dituzten eta etxebizitzarik aurkitzen ez duten pertsonak babestea, Gasteizko alokairu-merkatuaren erregulazioa, bizitegi-baliabideak handitzeko eskaera irmoa egin dute.

Aldi baterako harrera-guneetan dauden pertsonak babestea eta horien profilen arabera konponbideak egokitzea, hala nola aterpe-plazak, eguneko zentroak, tutoretzapeko etxebizitzak ere funtsezko ikusten dituzte.

Exijitzen dute arreta berezia eskaintzea tutoretzapeko izandako gazteen kolektiboari, hauek 18 urte bete ondoren kalean geratzen baitira. Horretarako, erroldako antzinatasuna errespetatzea eta bizitegi-baliabideak sortzea aldarrikatzen dute.

Bide beretik, eskatzen dute gizarte-erroldatzea bermatzea beharra daukaten pertsona guztiei –izan migratzaile, hirian etxerik gabe bizi direnak edo baldintzak betetzen ez dituztenak–: «Guztiz ezmorala da erroldatzeekin negozioa egin ahal izatea, kasu askotan faltsuak, Gasteizko etxebizitza partikularretan».

Norbanakoen elkartasuna

Salatu nahi izan dute, Gasteizko gizarte zerbitzuetatik konponbiderik ez emateagatik eta Udalak adingabeei bizitokia ez bermatzeagatik, kalean dauden migratzaileak kolektibo ezberdinetako pertsonek lagundu behar izan diela, askotan beraien etxeetara eramanez.

«Familia horiei elizaren esparruko Berakahtik, okupazio mugimendutik, edota norbanakoen bidez lagundu behar izan zaie», azaldu dute eta gogoratu dute abandonatutako pabiloi industrial abandonatuetan lo egin duen eta Gasteiztik alde egin behar izan duen pertsonarik ere izan dela.