Larunbatean Baionan murgiltze ereduaren alde mobilizatzera deitu du euskalgintzak
Lapurdiko Bordeleko errektoretzak Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa abiatzea errefusatu duela salatzeko eta hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko «euskaltzale guziak» deitu dituzte Euskal Konfederazioa, Biga bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas-bi eta Seaska elkarteek Baionan, 11:00etan, antolatuko duten jende-katean parte hartzera.
2020ko sartzean Hiriburuko Baste-Quieta eskolak galdegiten zuen ama eskolan murgiltze klase irekitzeari Hezkunde Nazionalak uko egitea euskararen irakaskuntzarendako «kolpe gogorra» dela salatu du Celine Etxebarnek, Ikas Bi guraso elkarteko kideak, euskalgintzako eragileetako kideekin batera Baionan egin duten prentsaurrekoan.
Horrez gain, jakinarazi du akademiako ikuskariak beste murgiltze eskaerak ere errefusatu egin dituela eta erabaki larri horrek «bukaera ematen» diola orain dela 12 urte eskola publikoan martxan eman den eredu horri. «Argi dugu frantses Gobernuak, aldi honetan Hezkunde Ministeritzaren bidez, bere jarrera gogortu duela tokiko hizkuntzeri begira. 2019an jada, sekulako borroka izan zen Irisarri eta Ainhoako ama eskoletan murgiltze klaseak onartuak izan zitezen», azaldu du.
Aurten, ordea, gatazka maila batez igo dela salatu du, eta murgiltze ereduaren etorkizuna eskola publikoan «arras iluntzen» ari dela. Gatazka eskola publikoan sortu bada ere, sail katolikoan eta ikastoletan ere «lanjerra» sentitzen dutela esan dute.
Auzi honi euskarazko irakasleek bizi duten tratamendua gehitu behar zaiola gaineratu du Etxebarnek: «Euskaraz irakasteko konkurtsoa pasatua zuten 11 irakasle gazte frantsesez irakasteko postuetan izendatuak dira, batzu Euskal Herritik kanpo ere».
Izan ere, «ordezkapenen segurtatzeko eta kopuru handiko klaseak aritzeko» irakasle hauen beharra dutela azaldu du. «Hori ere ikuskariaren erabaki hotza, euskararen irakaskuntzaren beharren ezaxola hutsean hartua» izan dela, salatu du.
Egoera «biziki larria»
Euskalgintzako erabileek egoera «biziki larria» dela nabarmendu dute eta beharrezkoa dela «mugimendu azkar bat altxatzea, Estatuari erakuts diezaiogun gure desadostasuna, eta kaltezko erabaki horiek ez ditugula onartzen».
Horregatik, hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko eta «gure haserrea erakusteko», euskaltzale guziak deitu dituzte Euskal Konfederazioa, Biga bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas-bi eta Seaska elkarteok antolatzen duten jende-katean parte hartzera.
Eta, bereziki, mobilizatzera deitu dituzte «beren haurrentzat euskararen edo euskarazko irakaskuntzaren hautua egin duten guraso guziak, hizkuntz eredua libreki hautatzeko duten eskubidea defenditzeko; eta euskaraz irakasteko hautua egin eta eginen duten irakasle guziak, euskaraz eta Euskal Herrian irakasteko duten eskubidea aldarrikatzeko».
Gaurko prentsaurrekoa René Cassinen sortetxearen aitzinean antolatu dute eta larunbatean murgiltze ereduaren aldeko jende-katea toki honen eta Suprefeturaren artean eginen dute, goizeko 11.00etan.
Izan ere, toki hori «giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren idazleetariko bat izan zen», oroitarazi du Jessica Dordeins Narzabal Biga Bai guraso elkarteko kideak.
Azpimarratu du 1948an NBE Nazio Batuen Erakundean bozkatu zen testu horretan pertsona orori oinarrizko eskubideak aitortzen zaizkiola, «edozein izanik ere bere hizkuntza eta lurraldea», eta gurasoek beren haurrentzat nahi duten hezkuntza mota hautatzeko eskubidea ere aipatzen dela.
«Adierazpen horren izenean, gure hizkuntza eskubideak defendatu nahi ditugu, eta Frantziako Gobernuak gure hizkuntzen kontra duen jarrera salatu», gaineratu du.
Baionakoa ez da hizkuntza gutxituen alde larunbat honetan antolatuko den mobilizazio bakarra. Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta, 22 protesta izanen dira frantziar Estatuaren meneko lurraldeetan.