Illunbek Gipuzkoa Basketen denboraldiko aurreneko garaipena bedeinkatu du (70-67)
Juan Echenique pibot kolonbiarrak 21 puntu eta 7 errebote lortu ditu, baina horrez gain, azken segundoetan Faggianok egindako defentsa bikainari esker irabazi dute gipuzkoarrek Casademont Zaragozaren aurka.
ACUNSA GIPUZKOA BASKET 70 - CASADEMONT ZARAGOZA 67
Bedeinkatua aurreneko garaipena. Illunbek berak bedeinkatu du Acunsa Gipuzkoa Basketen 2020/21 denboraldiko aurreneko arrakasta. Casademont Zaragozak ere irabazteko aukerak izan ditu, baina aurrean ongi landutako taldea izan du –Real Madril eta San Pablo Burgosen aurka ere ongi ikusi zen hori–, Juan Echenique pibot kolonbiarra buruan: 21 puntu eta 7 errebote NCAAtik etorritako erraldoi honentzat. Horrez gain, Johnny Dee, Pere Tomas, William Magarity edo Brandone Francisek ere saskiratze oso garrantzitsuak lortu dituzte. Dena den, talde defentsa izan da azken garaipena erdiesteko gakoa, batez ere Lucas Faggiano antolatzaileak eginiko esfortzu eskerga, Zaragozak neurketa berdindu edo irabazteko aukera ezerezean laga arte.
Bartzelonaren aurka partidarik jokatzeke geratu ondoren covid-19 dela-eta, Illunbera itzultzeko parada izan du Gipuzkoa Basketek. Zalerik gabe baina etxean, nahikoa txukun hasi dira Marcelo Nicolaren gizonak, batez ere Bradone Francis eta Echeniqueren eskutik. Alabaina, Zaragoza ere ez da lo hasi eta 7-3 galtzen jarri arren, berehala eman dio buelta markagailuari, 10-11, Rodrigo San Miguelen hiruko bati esker.
Partida oso parekatua joan da, baina Hlinason pibot erraldoia kantxaratu denez geroztik, Zaragoza erosoago hasi da sentitzen kantxan. Gipuzkoa Basket ez da kikildu, eta Pere Tomasi esker aurreneko laurdena 15-18 amaitzea lortu du behintzat, baina bigarren laudena hasi eta berehala hutsartea eskatu behar izan du Marcelo Nicola entrenatzaileak, Zaragozak 0-6ko partziala lortu eta 15-24 ihes egin ondoren.
Echeniqueren ordua
Jaime Echeniqueren ordua iritsi da hutsartearen ostean. Span eta Faggiano antolatzaileek pibot kolonbiarra bikain aurkitu dute uztaitik hurbil, eta uztaipean Echeniquek saskiratzea ez bada, pertsonala atera du. Hala, donostiarrak partidan sartu dira berriz ere, 11-4ko partzial baten ondoren eta Diego Ocampo, Aragoikoen entrenatzailea izan da orduan partida gelditu arazi duena. Alabaina, hutsartearen ostean 5-0eko partziala lortu du Gipuzkoa Basketek Johnny Deeren bitartez eta 31-28 aurreratzea lortu du, halakoren baten.
Ez du alderik zabaltzerik lortu Gipuzkoa Basketek, baina bai aurrea mantentzea. Defentsa asko gogortu dute gipuzkoarrek, eta horrez gain Johnny Dee eta Echeniquek –14 puntu atsedenaldian– saskiratze bana lortu dute. Ondorioz, Marcelo Nicolarenak puntu bateko abantailaz iritsi dira atsedenaldira: 36-35.
Ordezkoak beren mailaz behetik
Bigarrenn erdia hasteaz bat, bospasei punturen aldea hartu du Gipuzkoa Basketek, Brandone Francis eta Echeniqueren bidez. NCAAtik datoz jokalari hauek biak eta ausardia handoz aritzen dira. Casademont Zaragozari kosta egin zaio erantzun bat aurkitzea, baina Hlinason erraldoia eta Dylan Ennis azaldu dira Diego Ocamporen jokalarien artean markagailua 46na berdintzeko.
Horrez gain, aldaketek kalte egin diete GBCri, ordezkoek, Okouo pibotak batez ere, ez duelako maila egokirik eman. Hala, Zaragozak aurrea hartu du markagailuan, DJ Seeley, Barreiro eta Brussinoren bitartez. Echeniquek bere hogeigarren puntua saskiratu arren, laugarren laurdena hasterako 52-54 zen markagailua; gaitzerdi, azken segundoan Pere Tomasek saskiratze zail askoa lortu baitu.
Laugarren laurdena ere hirugarrenaren oso antzekoa izan da. William Magarity eta Johnny Deen bidez, Gipuzkoa Basketek aurrea hartu du berriz ere, baina ezin alde handirik hartu eta Zaragozak, zorte apur batekin, Jason Thompson aurkitu du eta pibot estatubatuarrak «bi gehi bateko» jokaldi pare bat kateatu ditu, partidaren azken minutuetara 60nako berdinketa erdietsiz.
Zorioneko izan dira donostiarrak berdinketa horren ostean, Okouo eta Pere Tomasen bidez 67-62 aurreratu baitira. Zaragozak ere bere aldaketak egin ditu eta Benzing eta DJ Selleyri esker, 69-67raino hurbildu da.
Donostiarrak ez dira neurketa erabakitzeko gai izan, eta Zaragozak ia birritan berdindu du, baina Faggiano bikain aritu da defentsan, bai Rodrigo San Migueli atzetik «txapela» jarriz, eta baita DJ Seeleyren kontraerasoan baloia galdu araziz, amaitzeko 13 segundoren faltan. Marcelo Nicolaren hutsartea eta gero, Echeniquek bi jaurtiketa libre izan ditu, 11,7 segundoren faltan. Kolonbiarrak eskumutur ona dauka 4,70 metrotik, baina bakarra sartu du eta Zaragozak neurketa berdintzeko jokaldia marrazteko hutsartea eskatu ahal izan du.
Jokaldia asko landu dute Aragoikoek, donostiarrek faltarik ez egitea erabaki baitute. Robin Benzigek Magarity atzean laga du, baina bere hirukoa zorionez ez da sartu eta hala, izerdi franko bota ondoren, 2020/21 denboraldiko ACB Ligako aurreneko garaipena erdietsi du Gipuzkoa Basketek. Ondo merezita gainera.
Bilbao Basket, Badalonara bidean
RETAbet Bilbao Basket zama astuna izaten has zitekeena kendu zuen gainetik joan zen asteburuan Obradoirori irabazi ondoren. Aurreneko garaipena zailena ei da, askok diotenez, baina horrez ez du esan nahi hurrengoak pilatzea askoz errazagoa izango denik, are gutxiago Badalonan Joventuten aurka jokatzea egokituz gero.
Joventut ongi ezagutzen duen nortbait inon bada, Alex Mumbru da, bertoko harrobian —«bressol» deritzaienean, hain zuzen… hazitakoa baita. Bilbao Basket ogni ezagutzen duenik baldin bada, berriz, Carles Duran da, Joventuteko entrenatzailea. Bada, aurkariaren nondik norakoak ongi dakizkitela ariko dira biak ala biak domeka eguerdiko 12.30etan, Badalonako Palau Olimpicean.
Obradoiroren aurka Bilbao basketek garbi erakutsi zuen talde sakona duela, jokalari askok minutu onak jokatu zituzten-eta. Esaterako, pozgarria izan zen Lude Hakanson antolatzaile ordezkoaren lana, baita Kingsley Moses pibot ordezkoarena ere. Ondorioz, irabazteko Rouselle edo Balvin bikain aritzea ez dela ezinbestekoa ikusi zuten beltzezko gizonek, eta igande eguerdian ere hala izaten jarrai dezan bilatuko dute.
Egia da Quentin Serronek eskaintzen dituen defentsa eta kanpoko jaurtiketa ere ongi etorriko litzaiekela bilbotarrei, eta jokatzeke geratuko dela esan ezin litekeen arren, errotulan duen tendinitisak Serron «%90ean» baztertzera eraman du asteon Alex Mumbru.
Bere jokalarien joko on edo eskasean ez du eragin handiegirik izango, baina Joventuten osasun arazoak dexentez ugarioagoak dira. Hasteko, Shawn Dawson ez da jokatzeko moduan izango belauneko tendinitis baten kulpaz. Horrez gain, beste hainbat jokalariren zalantza izango du Carles Duraren; hala nola, Neno Dimitrijevic, bikian min hartu duelako; Simon Birgander eta Xabi Lopez-Arostegi bizkaitarra, belauneko minez daudelako duelako; Arturs Zagars, psoan kontraktura izan duelako.
Joventutek Eurocupa hasi berri duen hontan, partidak pilatzeak eta joan-etorriek halako kalteak sor ditzakete eta igandeko partidari begira, Bilbao Basketentzat mesedegarri izan liteke. Teorian bai bederez, nahiz eta Alex Mumbruk ez duen Joventuten balizko osasun arazo horiengan fede handiegirik. «Bourgen aurka partida erraza izan zuten –77-84 gailendu ziren katalanak, 18 puntuz irabazten jardun ondoren– eta lehiaketa erritmoa hartzeko balioko zien norgehiagoka hark. Gainera, Pau Ribas edo Ante Tomic lako jokalariak dauzkate, Euroligan zailduak, eta Ferran bassas, berriz, FIBAren Txapeldunen Ligan eskarmentua duena».
Bilbotarren jokoari dagokionez, «egiten dakigun hori gero eta hobeto egiten ahalegintzen ari gara», adierazi du asteon Alex Mumbruk. «Obradoiroren aurka jokalari askoren lanari esker irabazi genuen. Gure hurrengo betebeharra da Obradoiroren aurka gertatu zen hori ez dadila egun bakarreko kontua izan», azpimarratu Bilbao Basketeko du entrenatzaileak.
Saski Baskonia, porrotak ahaztu nahian
TD Systems Baskoniak, bestalde 17.00etan jokatuko du San Pablo Burgosen kantxan. Gasteiztarrek jokaturiko azken bi partidak galdu dituzte eta okerrena dena, itxura nahiko aldrebesa eskainita, Belgradeko Izar Gorriaren aurka batik bat. Dena den, albiste onik badu Dusko Ivanovicen taldeak, hori Zoran Dragic errekuperatu izana da. Gutxi eta eskas jokatu zuen hegaleko esloveniarrak Izar gorriaren aurka, baina joko dinamikan sartu zen gutxienez.
Hala ere, Saski Baskoniak zer hobetua baduela erakutsi zuen. Hasteko, defentsako errebotea hobeti zaindu behar du. Izar Gorriko Kuzmic pibota nahieran nagusitu zen gasteiztarren saskipean. Bestetik, hegaleko eta hegal-piboten banakako jokaldietan defentsa zorrotzagoa erakutsi behar dute Dusko Ivanovicen gizonek. Ostiralean Jordan Loyd eta Marko Simonovic –Valentzian eta Unicajan ez hotz ez bero ziren jokalariek ostiralean Europako onenak ziruditen–gainetik pasa zitzaizkien Baskoniako gizonei; joan den igandean UCAM Murtziako DiLeo eta Frankamp bikoak egin zuen txikizioaren antz handiegia izan zuen bi jokalarion lan apartak.
Hori gutxi ez eta, Saski baskoniak esnegainetan dabilen aurkari bat izango du aurrez aurre. Joan zen igandean FIBAren Txapeldunen Ligako garaile izan zen Atenasen –2019/2020 denboraldia amaitzeko falta zen «Final Eight» delakoan nagusitu ziren–eta astean zehar Zaragozan ACB Ligako partida 86-100 irabazi dute. Thad McFadden hegalekoa bere bizitzako unerik gozoenean dabil; saskira begiratu eta ia dena asmatzen du, baina ez dago bakarrik. Kanpotik Omar Cook eta Alex Renfroe –biak Saski Baskoniako jokalari ohiak– antolatzaileek jokoa bikain banatzen dute, baita behar denean saskiratu ere; barrutik Kravic, Horton eta Jasiel Rivero hirukoak uztaipean dantza egiten du eta, badaezpada, Vitor Benite, Xavi Rabaseda eta Miquel Salvo –Gipuzkoa Basketeko jokalari ohia da hegaleko katalana– ere ederki dabiltza, min emateko bere unea baliatuz.
Saski Baskoniak badaki Burgosek nola jokatzen duen, denboraldi aurrean birritan neurtu baizituzten indarrak. Abuztuaren 28en, 82-71 nagusitu ziren Joan Peñarroyaren gizonak, eta egun hartan Kravicek eta Riverok nahi izan zuten guztia egin zuten gasteiztarrekin, nahiz eta Giedraitisek 20 punturekin erantzun. Irailaren 9an, berriz, 91-87 gailendu ziren gasteiztarrak, nahiz eta partidako hainbat unetan 20 puntuz goitik ere joan ziren. Peters, Jekiti eta Pierria Henry nagusitu ziren neurketa hartan.