INFO

Positibo eman eta hamar egunera hauteskunde ekitaldi batean agertu da Donald Trump Etxe Zurian

Donald Trump AEBetako presidentearen hauteskunde aurreko show-ek ez dute etenik. Koronabirusarekin kutsatu eta hamar egunera hauteskunde-kanpainako ekitaldi publiko batean parte hartu du Etxe Zurian, jarraitzaile talde baten aurrean. «Oso ongi nago», ziurtatu du.

Donald Trump Etxe Zuriko ekitaldian, positibo eman eta hamar egunera. (Mandel NGAN/AFP)

Donald Trump Estatu Batuetako lehendakariak hauteskunde-kanpainiako ekitaldi batean parte hartu du gaur Etxe Zurian, jarraitzaile talde baten aurrean. Covid-19an positibo eman eta hamar egunera eta ospitalean hiru egun igaro ondoren egin du agerraldia, eta orain arte bezala gaitzari garrantzia kentzen saiatu da. «Oso ongi nago», ziurtatu die txaloka hartu duten jarraitzaileei. Antolakuntzak tenperatura neurtu die sarreran Trumpen hitzaldira joan direnei eta ekitaldian maskara erabiltzeko eskatu die, baina askok ez dute jaramonik egin. Presidentegaia maskara kirurgiko batekin azaldu da, baina gero kendu egin du.

Hamabost minutu inguruko hitzaldia egin du; esan duenez, polizia indarrei babesa helarazteko deitu du ekitaldia, baina baita komunitate afroamerikar eta hispanoari sostengua emateko. 

Mitinean «Txinako birusaz» hitz egin du hautagai errepublikarrak eta konfinamendu neurrien aurka egin du, «zientziaren aurkakoak» direla argudiatuta. Ekonomiak funtzionatzen jarrai dezan defendatu du. «Ezin dut utzi AEBak sozialista bilaka daitezen».

Joe Biden aurkari demokratari ohartarazi dio azaroaren 3ko hauteskundeak irabazten baditu frackinga debekatu egingo duela, eta arrazismoaren eta Poliziaren indarkeriaren aurka azkenaldian izan diren protestetan beltzen eta latindarren saltokiak «ezkerreko fanatikoek» arpilatu dituztela ere esan du.

Beltzen komunitateak babesteko Polizia beharrezkoa dela defendatu du Trumpek; bere esanetan, demokratek irabaziko balute polizia kopurua murriztuko lukete eta komunitate horiek arriskuan jarriko lituzkete.

Trumpek gaitza gainditu duela dioen arren, medikuek ez dute argi oraindik beste norbait kutsa dezakeen ala ez.