INFO

Virginia Diazek zilarrezko domina irabazi du arraunketa olinpikoko Europako Txapelketan

Virginia Diazek eta bere ontzikidea den Aina Cidek zilarra jantzi dute Poznanen (Polonia) jokatzen ari den Europako Txapelketan, lemazainik gabeko biko finalean (W2-). Aurten Errumaniak eraman du urrea.

Virginia Diaz eta Aina Cidek zilarra irabazi dute Poznanen. (BASQUE TEAM)

Bigarren urtez jarraian igo da Europako podiumera Virginia Diaz (Astillero-getxo, 1991). Tokioko Jokoei begira modalitatea aldatu du eta orain Aina Cidekin batera egiten du arraun, lemazainik gabeko biko ontzian, eta ez doakie batere gaizki. Gogor lan egin behar izan dute egoera berrira moldatzeko, baina 2019ko maiatzean Lucernako Europako txapelketan argi geratu zen lortu dutela, urrezko domina irabazi baizuten, estropada bukaera ikusgarria eginda gainera. Linz-Ottensheimen jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortu zuten gainera.

Poznanen, sailkatze estropadan finala zuzenean jokatzeko txartela lortu zuten, bigarren amaituta, gaur garaipena lortu duen ontzi errumaniarraren atzetik, hain zuzen ere, eta Greziaren aurretik.

Errumaniako ontziak gogor hasi du finala, bere erritmoa inposatuz eta hasieratik tiraka jarriz. Horrela, Errumaniak 500 metroko lerroa lehen postuan gainditu du, Grezia 2.13ra eta Diaz y Ciden ontzia 2.60ra iritsita. 1.000 metrora heltzean, errumaniarrek aldea handitu dute, 3.33ra greziarrekiko eta 4.24ra Diaz eta Ciden ontziarekiko. 1.500 metrotik pasatzeak ez du egoera aldatu, baina une horretatik aurrera Diaz eta Cid euren lehiakideekiko aldea murrizten hasi dira. Grezia gainditu eta bigarren jartzea lortu dute.

Azken ahalegina egin arren, ezinezkoa izan da azken 500 metroetan errumaniarrak gainditzea, oso indartsu agertu baitira aurkariak. Errumaniak garaipena lortu du 7:17.190eko denborarekin. Diaz eta Cidek 7:18.820ko denbora behar izan dute eta Greziak. 7:20.240.

Bestalde, Aitzpea Gonzalezek, Basque Team Fundazioak eta Euskadiko Arraun Federazioak abian jarritako bikaintasun proiektuko kideak, bosgarren postuan amaitu du lemazainik gabeko lauko B finala (W4-), Europako Txapelketa absolutu batean izan duen estreinakoan. Sailkapen txandan Aitzpea Gonzalezen, Nuria Puigen, Victoria Ciden eta Iria Jaramaren ontzia bosgarren izan zen, bigarren aukerako estropadan ere bosgarren bukatu zuen, eta gaur ere emaitza errepikatu du B finalean.