INFO

Hezkuntza Ministerio frantsesak zuzenean jaso du EEPren mezua

Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak frantziar Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bildu dira Parisen eta murgiltze ereduaren aldeko mezua igorri diote. Gobernuko ordezkariek euskal delegazioaren eskakizunak zuzenean Jean-Michel Blanquer ministroari helaraziko dizkiete. Urriaren 15ean Baionan egingo duen biltzarrean emango ditu gaurko bilkuraren xehetasunak EEPk.

Alain Iriart, Beñat Arrabit, Benedicte Luberriaga eta Mathieu Bergé EEPko ordezkariak, prentsaurreko batean. (Bob EDME)

Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bildu dira Parisen. Mathieu Bergé, EEPko Akitania-Berriko eskualde-ordezkaria, Max Brisson eta Benedicte Luberriaga EEPko Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkariak, eta Antton Curutcharry, Hizkuntza Politikarako eta Kulturarako Euskal Elkargoko lehendakariordea izan dira Ministerioko ordezkariekin bildu diren EEPko ordezkariak, eta amaieran iragarri dutenez, bilkuraren xehetasunen berri urriaren 15ean emango dute.

Arratsaldeko hiruretan hasi den bilkurak ordu bat iraun du. Antton Curutcharryk NAIZi jakin arazi dionez «gure eskari guztiak mahai gainean izan dira eta zin egin digute zuzenean Blanquer ministroari helaraziko dizkiotela». Horren aurrean, EEPko ordezkariek erantzuna urriaren 15a aitzin emateko eskatu dute, egun horretan EEPren biltzar nagusia izango baita Baionan.

Blokeo arriskua

Datorren ostegunean egingo den bilkurako gai ordeneko lehen egitekoa Antton Curutcharry EEPko lehendakari berri izendatzea izango da. Horrela, Baigorriko hautetsiak orain arte Beñat Arrabitek izan duen lehendakari kargua hartuko du, baina dudarik gabe, eguneko gai garrantzitsua Frantziako Hezkuntza Ministerioak EEPko eskariei ematen dien erantzuna izango da.

Izan ere, Gobernu frantziarrak erakusten duen jarrerak bilkura erabat baldintza dezake. Matheu Bergék Mediabask hedabideari jakin arazi dionez, «Estatuak kontrako jarrerari eusten badio EEPko dossierak blokeatuak izan daitezke».  

Lau hankek osatzen dute EEPkako mahaia, Estatu frantseseko ordezkaritza (Prefeta, Bordeleko Akademia zuzendaritza eta eskualdeko kultur zuzendaria), Akitania Berria Eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilariak eta Euskal Hirigune Elkargoa. Ondorioz, Estatu frantseseko ordezkaritza gainontzeko eragileekin bat ez badator, blokeo egoera bat sor daiteke.

Murgiltze eredua auzitan

Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak uztailean jakin arazi zuen Hiriburuko Herriko Etxearen sostengua zuen eskola publikorako euskarazko murgiltze eredua ez zuela onartzen. Iaz indarrean sartu zen legediaren arabera, hiru urtetik gorako irakaskuntza derrigorrezkoa den neurrian, «Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra» erabiltzera behartuak daudela argudiatu zuten, eta murgiltze eredua «araudiaren kontrakoa» dela ohartarazi zuten.

Bordeleko akademiak hartutako erabakiaren ostean prentsaurrekoa eskaini zuten Beñat Arrabit EEParen lehendakariak eta Alain Iriart auzapezak eta 2008az geroztik eskola publikoan euskararen irakaskuntzan garatzeko indarrean dagoen esperimentazio programa «arriskuan» egon zitekeela ohartarazi zuten. «Erabakia oso larria da», azpimarratu zuen Iriartek.

Eskola pribatuetako ordezkariek eta Seaskako ordezkariek ere Hezkuntza Ministerioaren argudioak gaitzetsi zituzten, eta murgiltze eredua debekatzeko erabakia gainontzeko eremuetara hedatzeko beldur zirela adierazi zuten. Ordutik Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko esanguratsuenek Gobernu frantsesaren erabakia gaitzetsi zuten eta hainbat mobilizazio egin dira. Azkena pasa den urriaren 10ean burutu zen Baionan eta mila lagun bildu ziren.

Bigarren bilkura

Gaurkoa murgiltze ereduaren inguruan hitz egiteko Parisen burutu den bigarren bilkura izan da. Hots, abuztuaren 31an Parisen izan ziren Max Brisson eta Frédérique Espagnac senatariak, Vincent Bru parlamentaria eta Alain Iriart, Hiriburuko auzapeza eta biharamunean, ikasturte berriaren atarian, Hiriburuko ikastetxean egin zen elkarretaratzean izan ziren. Baste Quieta ama eskolaren aitzinean jakin arazi zutenez, delegazioaren argudioak «entzunak» izan ziren. «Bilkurak ordu eta erdi iraun du eta adeitsua eta teknikoa izan da», zehaztu zuen Brissonek.

Ikas Bi, Biga bai, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Erakasleak eta Seaska elkarteek deituriko elkarretaratzean izan ziren ordezkari politikoek mezu bateratua igorri zioten Frantziako hezkuntza Ministerioari eta «elkarrekin» erantzungo zutela iragarri zuten.

Bezperan bilkuran izan ziren partaideek azaldu zutenez, Ipar Euskal Herriko 17 ikastetxe elebidunetan lortutako emaitza onen berri eman zieten Parisko ordezkariei eta alderdi teknikoak eztabaidatu zituztela nabarmendu zuten. Aitzitik, Jean-Rene Etchegarayk hitza hartu zuenean argitu  zuenez, «hemen gertatu dena oso grabea da» eta zera gaineratu zuen: «auzia ez da teknikoa, politikoa baizik».