INFO

Atzeratu egin da ‘Xabier Lete: gezur eta egia gurea’ emanaldia covid-19aren ondorioz

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, Xabier Leteren omenaldiaz arduratzen den talde artistikoaren barruan kasu positibo bat antzeman da. «Horrek behartzen gaitu biharko, 2020ko urriaren 15erako, aurreikusita zegoen ekitaldia atzeratzera, ezinbestean». 

Xabier Leteri omenaldiaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Atzeratu egin da ‘Xabier Lete; gezur eta egia gurea’ omenaldi ekitaldia, parte-hartzaile batek PCR batean positibo eman duelako. «Tamalez, nahitaezko zuhurtziari jarraitu beharra dagoenez eta osasun gomendioak zorrotz bete behar ditugunez, koronabirusaren emaitza positibo baten berri eman behar dugu Xabier Leteren omenaldiaz arduratzen den talde artistikoaren barruan», adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Azaldu duenez, horrek esan nahi du lantaldeko beste kide batzuek prebentziozko konfinamendua egin beharko dutela, «eta horrek behartzen gaitu biharko, 2020ko urriaren 15erako, aurreikusita zegoen ekitaldia atzeratzera, ezinbestean».

«Espero dugu laster beste egun bat eskaini ahal izatea ekitaldia egiteko, eta interesa duten guztiei xehetasunez jakinaraziko diegu. Eskerrak eman nahi dizkiegu talde artistiko osoari eta inplikatutako eragile guztiei, Xabier Leteren irudia omentzeko hartu duten konpromisoagatik», gaineratu dut ohar batean.

‘Xabier Lete: gezur eta egia gurea’ Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurreikusita zegoen. Bertan izango ziren hainbeste urtez Xabier Leterekin aritu ziren Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak eta Antton Valverde musikaria.

Halaber, oiartzuarrarekin aritutako musikariek ere parte hartuko zuten eta Karlos Gimenez omenaldiaren musika zuzendariak beste lau pianistarekin parte hartuko zuen (Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez eta Joana Ortega). Txema Garcesek, Pascal Gaignek, Pello Ramirezek eta Jabier Muguruzak Leteren musikari taldea gogoratuko zuten.