INFO

Euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak, Errigoraren kanpaina berria

Josu Iturri Arroitzeko Iturri Kontserbak enpresako kidea da eta bertan, Errigoraren ‘Agerraldia’ kanpainari esker, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak martxan jarri dituztela azaldu du.


Errigoraren kanpaina berria ate joka dago. Nafar hegoaldeko produktuz jositako saskiak urriaren 24tik azaroaren 12ra eskatu ahal izango dira eta aurten ‘Agerraldia’ izeneko proiektu berriarekin dator. Hurrengo asteetan emanen dute kanpaina honen berri, xehetasun osoz. Baina hasi dira protagonistak aurkezten.

Proiektua Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria ematera dator. Euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du xede. Horietako adibide bat da Arroitzeko Iturri Kontserbak enpresa, non euskara plana sustatu den, Josu Iturri enpresako kideak azaltzen duen bezala.

«Egia esan nik bakarrik hemen hitz egiten dut euskaraz, bezeroekin. Hemendik kanpo ez dago ohiturarik euskaraz hitz egiteko», dio. Eta Agerraldiarekin hau irauli nahi dute. «Proiektu polita da gu bezalako jendearentzat, euskaraz ikasi duena eta gero praktikatzea behar duena. Ikastolan dagoeneko gazteleraz egiten genuen, gero ere gazteleraz eta ahaztu egiten zaizu edo ez duzu hitz egiteko erraztasunik», azaldu du Iturrik. Ikastolaz kanpoko beste eremu batzuen beharra nabarmendu du Agerraldiko lehen protagonistak.

Bere atzetik iritsiko dira Nafarroako erdialde eta hegoaldeko euskalgintza eta kulturgintzako beste protagonista batzuk, euskararen alde ari direnak saretu eta indarrak batzea xede.