Garitanok eta jokalariek zuzendu beharko dute Athleticen norabidea Batzar Orokorraren aurretik
Azaroaren 15ean egingo da San Mamesen Athleticen Batzar Orokorra, asteburu horretan ez baita partidarik izango. Etenaldi horren aurretik Levante, Osasuna, Sevilla eta Valladolid izango dira talde zuri-gorriaren aurkariak. Beheko postuetatik ateratzeko emaitza onak pilatu beharko dituzte Garitanoren mutilek zalantzak alboratu eta giroa baretzeko.
Fernando Llorenteren fitxaketaren inguruan gertatutakoak hautsak harrotu ditu Athleticen. Iruñean jaiotako aurrelariak berritze kontratuari uko egin eta talde zuri-gorria uztea erabaki zuenetik zortzi urte igaro diren arren, zaleen artean eta klubean irekitako zauriak zabalik jarraitzen du. Bere izena aipatzeak sortzen duen zalapartaz gain, agerian geratu da Athleticek ez daukala batere garbi zein den kirol ibilbidean jarraitu nahi duen bidea.
Jokalari gazte ugari iritsi dira lehen taldera denboraldi honetan. Beste talde askotan gertatu den bezala, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren eraginez. Athleticen oinarria Lezaman egon beharko litzateke horrelako egoeratan, baina Rafa Alkorta kirol zuzendariak onartu zuenez Javi Martinez eta Fernando Llorente ekartzeko aukera aztertu du. Bayern taldeko jokalariaren kasuan eskaintza ere egin zioten eta nafarrak ezezkoa eman zuen Alemanian soldata handiagoa jasotzen baitu.
32 urte egin berri ditu Javi Martinezek eta Llorentek 36 izango ditu otsailean. Adin horretako jokalarien bila joateak harrobiko jokalariengan konfiantza gehiegirik ez dagoela erakusten du. Napoliko aurrelariarekin gertatutakoan ere erantzunkizun falta nabaria izan da. Balenziagak ez zuen zehaztu nahi izan jokalarien parte hartzea zein izan zen, baina klubaren irudia eta batez ere kirol zuzendariarena eta Aitor Elizegiren zuzendaritza batzarena tamalgarria izan da.
Garitanok ere bere ardura izan du denboraldi hasieratik fitxaketak eskatzen egon baita erasoko jokoan dituen gabeziak konpontzeko. Berenguer izan da iritsi den bakarra eta Alavesen kontra bigarren zatian jokatu bazuen igandean hamaikakoan egotea espero da. Athleticek 20 miloi euroko galerak izango ditu koronabirusaren eraginez. Hala ere, 10 miloi baino gehiago ordaindu ditu nafarrarengatik. Aurreko zuzendaritza batzak pilatutako 116 miloi euroko kutxa erabiliko du Elizegik egoerari aurre egiteko.
Datorren azaroaren 15ean, igandea, egingo da Batzar Orokorra San Mamesen eta Elizegik beren proposamenak aurrera ateratzea zaila izango duela aurreikusten da. Aurrekontuaz gain, bazkideen kuotak bueltatzeko proposamena ere izango da mahai gainean. Giro ezkorra da nagusi taldearen inguruan eta hurrengo partidetan norabidea zuzendu ezean, gehiago mikaztuko da eta erabaki latzak hartu beharko dituzte.
Levante, Osasuna, Sevilla eta Valladolid izango dira asteburu horren aurretik talde zuri-gorriak izango dituen aurkariak.
Aukera gutxi, akats gehiegi
Mendizorrotzan galdu ostean, Garitanok zenbait datu baliatu zituen lehen lau partidetan taldeak erakutsitako maila ez dela hain kaskarra izan azaltzeko. Entrenatzaileak argudiatu zuenez, gol aukera gutxi egiten dizkiote talde zuri-gorriari eta orokorrean defentsan egindako lana ona izan da. Arrazoia zeukan Derioko teknikariak, baina ezin da ezkutatu jasotako goletan akats larriak egin dituela taldeak.
Granadan alboko sake batean kontzentrazioa galtzeagatik heldu zen lehen gola eta bigarrena Yeray, De Marcos eta Dani Garciaren artean baloia galtzeagatik atzetik jokatzen ateratzerakoan. Eibarren korner batean aurre hartu zion Kike Garciak Nuñezi eta Cadizen aurka Muniainek baloia galdu ostean, erdiko atzelariak ez zuen Lozano gelditzen asmatu. Alavesek geldikako jokadi batean egin zuen gola, aurreko denboraldian bezala. Williamsi utzi zioten buruz bikain moldatzen den Ely bezalako jokalari bat zaintzearen ardura.
Aipatu bezala, Unai Nuñezek egin ditu hainbat huts egite eta ziur asko aulkian geratuko da igandean Levanteren kontra. Dirudienez, Yeraik gainditu du lesioa eta hasieratik aritzeko moduan izango da. Ez litzateke hain kezkagarria izango Nuñezek orain dela aste batzuk elkarrizketa batean minutu gehiago jokatu nahi zituela eta utzita joatea eskatu izan ez balu. Taldearen inguruan dagoen giroa pozoitu besterik ez zuen egin esandakoak.
Yuri ere ez da egongo jokatzeko prest Levanteren aurka. Orain arte Balenziagak bete izan du bere hutsunea. Mendizorrotzan bere ordez zelairatu zen eta Granadan hasieratik aritu zen zarauztarrak aurredenboraldian izandako arazo fisikoen eraginez ez baitzegoen jokatzeko moduan. Balenziaga jokalari fidagarria da defentsako lanetan, baina gehiago kostatzen zaio erasoan moldatzea. Berenguerren bizkarra ondo zaintzea izango da bere eginkizun nagusia.
Ibai aste honetan hasi da taldekideekin entrenatzen eta zaila izango da sasoi onean iristea partidarako. De Marcos eta Nolaskoain ere ez dira jokatzeko moduan egongo ezta Kodro. Aurrelari donostiarrari ebakuntza egin behar izan diote eskumuturrean joan den ostegunean Valladoliden aurkako adiskidantzazko partidan lesionatu ostean.
Golak egiteko arazoak
2018ko abenduan Garitanok taldea hartu zuenetik deigarria izan da defentsa lanetan izandako hobekuntza. Gabezia handienak erasoko jokoan nabaritu dira. Gainbehera Valverderen azken denboralditik igartzen zen, Adurizen gol kopurua jaisten hasi zenean. Raul Garciak donostiarraren lekukoa hartu duen arren, laguntza behar du. Horretarako etorri da Berenguer, baina Muniainek eta Williamsek ere pausu bat eman beharra daukate.
Ligako 15 partida daramatza Williamsek golik egin gabe. Martxoaren 8an egin zuen azken gola Valladoliden. Asmatu ezinik dabil, aukerak izan dituen arren. Granadan langara bidali zuen erremate bat, Cadizen aurka zutoinera eta Eibarren egindakoa epaileek bertan behera utzi zuten VAR sisteman begiratu ostean.
Orain dela urte batzuk antzeko egoera bat bizi izan zuen Williamsek. Bi urtez San Mamesen golik egin gabe egon zen eta azkenean Sevillaren aurka sekulako partida eginez bolada txarrari amaiera ematea lortu zuen. 2019ko urtarrilean izan zen. Sasoi hortan ere Llorenteren fitxaketaz hitz egiten zen. Golen bidez egindako aldarrikapenak eta taldeak lortutako emaitzek Llorenteren izena ahaztea ekarri zuen.
Antzeko izpiritua berreskuratzen saiatu beharko da Garitano. Aurrekoan egin bezala taldearen dohaiak baliatu eta akatsak estaltzen asmatu. Errazagoa da esatea egitea baino. Berizzorekin ezer ateratzen ez zitzaien jokalari multzoari, konfiantza eman eta buelta eman zion egoerari. Hori da bidea, ez dago besterik.
Eta aldi berean, harrobitik heldu diren jokalariei aukerak eman taldea eraberritzen eta eraldatzen joateko. Nabarmentzekoa da adiskidantzazko partidetan Oier Zarraga, Unai Vencedor edo Jon Morcillo bezalako gazteek erakusten duten ausardia eta maila. Hor dago taldearen etorkizun hurbila.