INFO

Tailandiako erregimenaren aurkako matxinada zapuztu du Gobernu paramilitarrak

Etxeratze-agindua ezarri ondoren, Tailandiako Gobernuak bost pertsonatik gorako manifestazioak debekatu, matxinadaren bozeramaleak atxilotu eta posta elektronikoa ixtea agindu du. Azken hilabeteetan demokrazia gehiago eta erregearen boterea murriztea eta kontrolatzea exijitzen duen matxinadaren aurkako erasoa da.

Poliziak Bangkokeko kaleak guztiz hartu ditu. (STR-AFP)

Tailandiako Gobernuak etxeratze-agindua ezarri du ostegun honetako goizaldean. Exekutiboaren egoitza inguratzen zuen akanpada baketsua desegin eta bost pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatu ditu. Gainera, «segurtasun nazionala arriskuan jar dezaketen mezu elektronikoak» itxi ditu.  

Poliziak gutxienez 22 persona atxilotu ditu, tartean matxinadaren lau bozeramaile. Atxilotuen artean Anon Nampa abokatua dago eta bere ingurukoak beldur dira Poliziak helikoptero batean sartu duelako Chiang Mai-ra (iparraldea) eramateko. Parit Chivarak «Penguin» ere atxilotutakoen artean dago. Panusaya Sithijirawattanakul, «Rung» neska gaztea galdeketa egitera eraman du Poliziak.

Gaur arratsalderako protestak iragarri dituzte eta milaka polizia daude dagoeneko Bangkok hirian.

Errege-karabana inguratu

Dozena milaka manifestari atera ziren atzo Tailandiako hiriburuko alde zaharrean Gobernuaren dimisioa eta erregearen eta militarren boterea murrizteko erreformak exijitzeko.

1973ko ikasleen iraultzaren urteurrena zen eta manifestari talde batek Suthida erregina eta Dipangkorn printze oinordekoa zeramatzan auto-karabana inguratu zuen. Irudi izugarria, orain dela gutxira arte tailandarrak belaunikatu egiten zirelako errege-konboiaren aurrean.

Gobernua sutan dago eta Poliziaren hiru general kargutik bota ditu. Militarrek Tailandiako Parlamentua eta Gobernuaren egoitza babestu dute.

Future Forward legez kanpo dagoen alderdia hartzen duen Progressive Movement oposizioko plataformaren buruzagia den Thanathorn Juangroongruangkit-ek protesta guztiak baketsuak izan direla gogoratu du eta errepresioak «nazioarteko estandar guztiak hausten» dituela salatu du.

Matxinoek Prayut Chan-ocha general kolpista eta lehen ministroaren dimisioa exijitzen dute eta Konstituzio berria aldarrikatzen dute, oraingoa Estatu kolpea eman zuen junta militarrak (2014-2019) inposatu zuelako.

Armadaren boterea zalantzan jartzeaz gain, mugimenduak monarkiaren erreforma eskatzen du. Egun erregea kritikatzen duena 15 urteko kartzelarekin zigortzen da.

Vajiralongkorn erregea, denbora gehiena Alemaniako luxuzko hotel batean bere haremarekin igarotzen duena, aurreko asteburuan itzuli zen Tailandiara jainkotutako Bhumibol Adulyadej bere aitaren heriotzaren laugarren urteurrenean.