INFO

Positibitate tasa %17,1era igo da Nafarroan eta %8,4ra EAEn azken 24 orduetan

Azken 24 orduotan berriro ere gora egin dute covid-19 kasuek, nabarmen gainera, Nafarroan. 466 zan dira, nafar Gobernuak aurreratutako datuen arabera, eta positibitate tasa %17,1era igo da. EAEn, aldiz, behera egin du positibo kopuruak atzo aurkeztutako datuekin alderatuz (657), baina 4.000 PCR gutxiago egin dira eta tasa %8,4ra igo da. Nafarroan bi emakume hil dira.

Iruñerria da Nafarroan koronabirusa gehien hedatuta dagoen eskualdea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken 24 orduetan 1.123 koronabirus kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, 10.557 PCR eginda. Igandean 1.154 izan ziren positiboak eta 15.458, frogak. Hau da, 29 kasu berri gutxiago, 4.900 PCR gutxiago egin eta gero.

Nafarroan 466 koronabirus kasu izan dira, Gobernuak eman dituen datuen arabera. 55 positibo gehiago dira, aurreko egunarekin alderatuta. Guztira 2.719 PCR proba eta test antigeno egin zituzten, larunbatean baino 617 gutxiago, baina hala ere positibitate tasak gora egin du, nabarmen gainera, eta %12,3tik %17,1era salto egin du.

Atzo bi emakume hil ziren, 92 eta 97 urtekoak; koronabirusarekin 651 pertsona hil dira herrialde horretan guztira.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 17 pertsona gehiago ingresatu zituzten igandean, horietako bi Zainketa Intentsiboen Unitatean. Guztira 296 pertsona daude erietxean covid-19ak kutsatuta, aurreko egunean baino 14 gehiago, eta horietatik 37 ZIUetan daude (larunbateko kopuru berbera), 44 etxean ospitaleratuta eta gainerako 215ak plantan.

Iruñerria da kutsatu kopuru handiena duen eskualdea, Nafarroa osoko %65 bertan antzeman dira. Tuterako osasun eremuan positiboen %7 zenbatu eta eta Lizarrakoan %2. Gainerako %26a beste eskualde batzuetan sakabanatuta dago.

EAEn ere gora

EAEn, aldiz, atzoko egunean 657 kasu berri atzeman ziren, egin ziren 7.838 PCR frogetan. Aurreko egunean baino positibo gutxiago baldin badira ere, datuak ez dira onak. Izan ere, 4.300 froga gutxiago egin dira eta positibitate tasa altuagoa da, %6,2tik %8,4ra hazi baita.

Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dira, azken orduetan, positibo gehienak (313), aurreko egunean baino zortzi gehiago. Gipuzkoan, berriz, 275 (336 izan ziren larunbatean) eta Araban, 59 (40 gutxiago). Beraz, Bizkaia da, aurreko egunarekin alderatuz, datu okerragoak izan dituen bakarra.

Ospitaleei dagokienez, 33 lagun ingresatu zituzten atzo eta, gaur egun, 300 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako planta ezberdinetan (atzo baino 15 gehiago). ZIUetan, era berean, 55 pertsona daude koronabirusarekin (hiru gehiago).

Lakuak jakinarazi duenez, 5.000 biztanle baino gehiagoko 18 udalerri daude «esparru gorrian», 14 Gipuzkoan eta 4 Bizkaian: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zumaia eta Zumarraga.