INFO

Iñaki Soto eta Asier Iñigo: «Espolioaren bidez gu ixten saiatu dira baina orain indartsuago gara»

10.000 harpidetzak lortuta, pozaren pozez mintzo dira ostegun honetan Iñaki Soto eta Asier Iñigo, eta aldi berean etorkizunari begira jarrita: zorraren azkeneko milioia ordaintzeaz gain, eskaintza sendotzeari ekingo diote, orain zabalagoa eta indartsuagoa den komunitate baten zerbitzura.

Espolioaren aurkako kanpainak helburua lortu du. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Garaipen» hitza atera da gaur goizean Iñaki Soto GARAko zuzendaria zein Asier Iñigo Marketing eta Komunikazio arduradunaren ahotik. Nola ez, asteazkeneko 20.00ak aldera ia bi urteko kanpainaren helburua bete bada: 10.000 harpidetza berri, espolioari aurre egiteko eta etorkizuna sendotzeko.

Lorpen honen eta prozesu osoaren berri eman dute gaur goizean NAIZ Irratiko mikrofonoetan. ‘Egin’en zorra GARAk ordaindu beharko lukeen albistea «susto bezala etorri zen edo prest zineten?», izan da Sotori helarazitako lehenengo galdera: «Biak aldi berean –erantzun du zuzendariak–. Hamasei urtez horretarako prestatzen egon gara, salbuespen egoera batean bizi izan garelako, baina heltzen den egunean sinesgaitza egiten zaizu».

Aurretik azaldua du Iñaki Sotok: bilera batean ziren, hurrengo hilabeteetan egitekoak prestatzen, eta norbaitek aipatu zuen, ohi zen bezala, «zorrarena ez ahaztu». Juxtu momentu horretan abokatuak deitu zuen, epailearen erabakiaren berri emanez, eta orduan egiteko guzti haiek alboratu eta zorraren arazoa mahai gainean jarri behar izan zuten, lehentasun osoa emanez.

Handik hona, «esfortzu kolektibo ikaragarria», laburbildu du Iñigok. Duela 20 urte inguru poliziaren bidezko itxierak ezarri baldin baziren, orain «beste modu batera saiatu dira, espoliaren bitartez. Baina orain duela bi urte baino indartsuago gara, komunitatea zabaldu eta indartu da», nabarmendu du, poza eta harrotasuna aitortuz. Ospatzeko modukotzat jo dute batak zein besteak.

Asier Iñigok erantsi duenez, jauzia ekarri du kanpainak, esaterako «harpidedun berri hauetako asko oso gazteak zirelako GARA sortu zenean, eta hau altxor bat da guretzat».

«Herri batentzat gauza handia da hau»

Sotoren ustez, GARA-NAIZeko komunitatearekin «kontratu berritze» bat ekartzen du honek. Finean egunero ematen da hori, «aktualizazio etengabean bizi garelako, teknologiak ere behartzen zaitu, komunitatea aldatu egiten da, herria...» Kontua da, Iñigok aipatu bezala, oraingo momentuan «egunkari gutxiago saltzen dugula [tendentzia orokorra horrelakoa delako] baina gure hedapena sekula baino handiagoa da».

Ikuspegi luzeaz mintzo da Soto, GARA-NAIZen balioari buruz: zailtasunak eta berdintasun eza («batzuek laguntzak jaso dituzten bitartean guk hiru milioi ordaindu behar izan ditugu») begibistan direla, «egunero ateratzea balentria handia da. Ez dago honelako adibide asko munduan. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da ahalegina. Herri batentzat hau gauza handia da».

Kanpaina pandemia baten erdian garatu eta arrakasta lortu izanak ere zer pentsa ematen dio zuzendariari. Onartu duenez, zaila –edo deseroso– egiten zitzaien GARAk jasandako espolioari egoera latz honetan lehentasuna ematea, baina herritarrak izan dira horrela hartu dutenak: «Jendeak irakurketa propioak egiten ditu eta une honetan etxe horretan egitasmo honen alde apustua egiteko unea dela erabaki dute. Pentsatu dute agian ‘egunero ez nau asetuko, baina egunero nire ikuspuntua aberasteko zerbait egingo du honek’».

Tarte horretan ere, espero zitekeenaren aurka, GARA-NAIZek ahalegin berezia egin izan du behar zutenei «zerbait emateko»: NAIZ Kontzertuak dira adibide garbia.

«Fruituak gutxinaka ikusiko ditugu»

Orain azkeneko milioia ordaindu beharrean da GARA, erdia hurrengo astean eta beste erdia udaberri aldera: Garzonek eta Aznarrek bidegabeki, bai eta espainiar legediaren aurka ere, utzitako zama, gogoratu du Sotok. Baina aldi berean komunitatearen zerbitzurako eskaintza indartzeari ekingo zaio, harpidetza kanpainan agindu legez. Zertzelada batzuk eman ditu: GARAko mantxetak kolore berria bereganatu ondoren, NAIZen berrikuntza bat laster, harpidedunei «poztasun batzuk», hizkuntzen erronkari heldu, punta-puntako teknologia landu... «Fruitu horiek gutxinaka-gutxinaka ikusiko ditugu», adierazi du Sotok.

Eta guztia, komunitate zabalago eta sendoago baten eskutik. Hauxe lorpen nagusia. ‘El Pais’ edota ‘La Vanguardia’k oraintxe abiatu dute harpidetzen sistema, aipatu du Sotok, «eta gu duela sei urte ari gara. Gauza batzuetan abangoardia izan gara, negozio eredua aldatzen ari den garai honetan. Bideragarria ote den? Zailtasunak bertan dira, baina bideragarria da jendeak hala nahi badu». Eta nahi izan du...