INFO

Gasteizko Legebiltzarra inguratu dute Euskal Errepublika aldarrikatzeko

Dozenaka lagun bildu dira Gasteizen Ehun mugimenduak antolatutako ekimenean parte hartzeko. Legebiltzarra inguratu dute eguerdian Euskal Errepublika aldarrikatzeko.

Ehun mugimenduaren ekimena. (Raul BOGAJO/FOKU)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Dozenaka lagunek inguratu dute ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarra Euskal Errepublika aldarrikatzeko.

«Hemen bildu gara, EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenean, Autonomia Estatutuek eman dutela eman zezaketen guztia esateko. Denok dakigun moduan, marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik ezin digu eskaini. Bertan jarraituz gero, degeneratuz joango zaigun etorkizuna. Autonomia espainiarren mugak onartuz gero, zulora goaz, beraz», ohartarazi dute.

Azaldu dutenez, Nafarroako eta EAEko estatutuak, «orain dela 41 urteko giro intsurrekzionalean, sable zaratak lagun, burujabetza nahiari topea jartzeko sortu ziren. Autonomia estatutu hauek, euskal herritarroi burujabetza emateko baino, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo bezala pentsatu ziren».

«Horregatik, uste dugu, iritsi dela argi hitz egiteko garaia: autonomia estatutuak trikimailuak besterik ez dira izan, txikikerien inguruko erabakiak hartzeko almena oparituz, gure bizitza eta lurraldeen gaineko erabakiak hartzen ditugula sinestarazteko. Horregatik, tutoretzapeko autonomia hauek benetako burujabetza giltzapetzeko kaiolak direla diogu. Betiko elite ekonomiko, politiko eta kulturalak irabazten jarraitzeko beharrezkoa duten kaiola», gaineratu dute.

Eta «datozkigun garai nahasietatik onik ateratzeko», burujabetza ezinbestekoa dela ohartarazi dute. Izan ere, salatu dutenez, «Estatu espainiarraren menpe dauden autonomia hauetatik, eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa, bizitza ezduinagoak... besterik ezin dugu espero».

«Marko autonomiko espainiarra ez da gai burujabetza herriarengan uzteko. Horrela, ozen diogu, atzean dugun Parlamentu horrek ez gaituela salbatuko. Euskal herritarrontzat hondamendia dela. Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, Euskal Errepublika bat behar dugu», azpimarratu dute.

Bizi baldintza duinak

«Burujabetza lortzen badugu alor guztietan, bizi baldintzak hobetu ahalko ditugu etorkizunean, eta horretarako ezinbesteko erreminta da Euskal Errepublika», adierazi du Unai Apaolazak, eta aurrera begira Ehun mugimenduak ekimen gehiago antolatuko dituela iragarri du. «Burujabetza eskatzetik praktikan jartzera pasatu behar gara eta horrek sortuko duen talka Euskal Errepublikaren nahia zabalduko du», gaineratu du.