Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna «kolokan» jartzea leporatu diote sindikatuek Lakuari
Ikasturtea hasi zenetik Haurreskolak Partzuergoko gerentziarekin eta Lakuarekin «inolako harremanik» izan ez dutela jakinarazi dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Ondorioz, datorren asteazkenetik hasita, mobilizazioak iragarri dituzte. Etorkizuna «kolokan» jartzea leporatu diote Lakuari.
Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza sindikala duten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek mobilizazioei hasiera emango diotela iragarri dute. «Ikasturte korapilatsu hau hasi eta ia hilabete bira Partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin inolako harremanik izan ez dugunez, eta langileen eta hezkuntza proiektuaren egoera gogorra aintzat hartuta, mobilizazioei hasiera ematera behartuta aurkitzen gara».
Zentzu horretan, datorren asteazkenean, hilak 28, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordea ospatuko den egunean, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Lakuan. «Batzorde honen garrantzia azpimarratu behar dugu, batzorde horretan hartu behar baitira haurreskoletako langileei eta hezkuntza proiektuaren bilakaerari eragiten dieten erabakiak eta batzorde honetan ere, ez da langileon ordezkarien ahotsa entzuten». Hurrengo astean, berriz, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Hezkuntzako delegaritzetan eginen dituzte protestak.
LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan egindako agerraldian, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna «kolokan» jartzea leporatu diote Lakuari eta egoera honi buelta emateko eta «jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin» Haurreskolak doakoa eta hezkuntza sailean integratua egon behar duela defendatu dute sindikuotako ordezkariek.
Haien aldarrikapenak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeko lehendakariari zuzendu dizkiote eta bere «arduragabekeria» gaitzetsi dute. «Guretzat ezinbesteko garrantzia du Hezkuntza Saileko ordezkariak mahai negoziatzailetan parte hartzea, azken finean gai batzuen negoziazaioak Hezkuntza Sailaren ardura izanda, gainditu egiten baitu haurreskoletako eremua».
Zorione Etxeberria gerente berriaren jarrera ere azpimarratu dute. «Kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira». Bere «aldebakarreko erabakiek» Haurreskolak Partzuergoa «arriskuan» jarri dutela gaineratu dute sindikatuek.
Negoziazio kolektiboa ukatzea, ordezko langileen kontratazioak gelditzea edo langileen aparteko orduek «ehunka» ordezko lanik gabe geratzea ekarri duela nabarmendu dute. «Pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk izan ez duen aurrekontutik ez gainditzeko erabakia hartu du eta egoera hau erabiltzen ari da lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan baldintzak okertzeko», salatu dute.