INFO

Aurkia Ampo Ordiziaren garaipena; ifrentzua Getxo eta Hernaniren porrotak

Ampo Ordizia Ohorezko Mailako lider jarri da aurreneko jardunaldian Aldro Energia Independienteri egurra eman ondoren. Getxok, aldiz, 39-6 galdu zuen Alcobendasen zelaian. Bestetik Hernani Ohorezko B Mailan geratuko da azken minutuan Les Abellesen aurka 12-13 galdu ostean.

Hernani Rugby Elkartea Les Abellesen aurkako partidako une batean. (Hernani CRE)

Hasi da errugbi denboraldia eta euskal taldeentzat aurkia eta ifrentzua, bietatik izan du. Ohorezko Mailako aurreneko liderra Ampo Ordizia da aurreneko jardunaldiaren ondoren. Talde gipuzkoarrak Aldro Energia Independienteri 49-14 irabazi dio eta puntu diferentziari esker liga saikpaneko aurreneko postua bereganatu du.

Bost entsegu egin ditu Ordiziako taldeak: Alain Arañak bi, hasteko, eta Erlantz Garmendia, Tomas Jorge eta Lander Gomezek bana lortu dituzte. Esan gabe doa partida airean eraman duela eta, bada, altamirako taldeak entsegu kopurua dela-eta puntu gehigarria eskuratu du.

Ampo Ordiziak bost puntu pilatu baditu, beste hainbeste dauzka Lexus Alcobendas taldeak ere, Getxoren kontura. Bizkaitarrek Ohorezko Mailara itzulera bizi izan dute, baina ez nahi bezalako moduan, 39-6 galtzea egokitu zaielako.

Zigor kolpe malapartatua

Getxok ez ezik, txanponaren ifrentzua Hernani Rugby Elkarteak ere ezagutu du. Les Abellesen aurka 12-13 galdu du Ohorezko Mailara igotzeko partida, partida amaitzeko minutu bakarra falta dela. Emaitzari eustea nahikoa zuten gipuzkoarrek garaipena erdiesteko, baina zigor kolpe malapartatu batek Ohorezko B Mailan jokatu araziko die.

Galtzen hasi bada ere, Les Abelles 0-7 aurreratu baita, Mattin Collado eta Anartz Elosegiren artean berehalako batean buelta eman dio markagailuari. Hala, atsedenaldira Hernani 12-7 aurretik dela iritsi da.

Handik aurrera Les Abellesen erasoei eusten nahikoa lan izan du talde hernaniarrak, baina bi zigor kolpek igoera zapuztu die, hatzapar puntekin ikutzera iritsi badira ere.