INFO

Lapurdiko kostatik barnealdera zabalduz doa covid-19a

Ipar Euskal Herrian covid-19ak izan duen eragin zehatza ezagutzea zaila bada ere Geodes, Frantziako Osasun Publikoak garatutako datuen sistemak argazki orokor bat hartzeko balio dezake. Mapan baliatzen duten kolore urdinaren tonalitatea jarraituz biztanleria gehien hartzen duten Lapurdiko hiriguneetan soilik ez barnealdean ere birusa azkar zabaldu dela sumatu daiteke. Are, goreneko kutsatze tasarik irudikatzen duten urdin-beltzean agertzen dira hala nola Ezterenzubi, Aintzila, Arnegi, Altzai edo Aldude.

Herriz-herriko mapak erakusten duenez pandemiaren eragina ez da hiriguneetara mugatzen. (GéodesFrance)

Akitania Berriko Osasun Agentziak (ARS delakoa) agerraldia eskaini du gaur goizean eskualde horretan covid-19ak azken aste eta egunetan izan duen bilakaeraren berri emateko.

Agerraldi horretan jakitera eman dutenez urriaren 23an 224 kluster edo agerraldi aktibo baziren eskualdean.

Eskualde horren baitan kokatzen den Pirinio Atlantikoen departamenduari dagokionez, joan zen ostiralean prefeturak baieztatu zuenez covid-19aren eragin tasa 254,11koa zen 100.000 biztanleko. Azkeneko bi asteotan kutsadura kasuak 160 aldiz biderkatu dira.

Zein da zehazki Ipar Euskal Herriko egoera ? Geodes, Frantziako Osasun Publikoak garatutako datuen sistemak, ahalbidetzen du argazki orokor bat hartzea.

Besterik ez bada, kolore urdinaren tonalitateari erreparatuz Lapurdiko kostan soilik ez, barnealdera ere azkenaldian azkarki zabaldu dela birusa baieztatu dezakegu.

Barnealdean garatzen ari da pandemia

Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) da covid-19ak gehien eragin duen lurraldea. Izan ere inguruko hainbat herritan ere -Arbona, Arrangoitze, Bidarte, Urketa...- 100.000 biztanleko 250 eta 500 kasu arteko tasa markatzeko baliatzen den urdin aski ilunean agertzen dira.

Izan ere, kolore urdin ilunagoarekin oraindik agertzen dira 100.000 biztanleko/500 kasu langa horretan (edo hortik goiti) dauden herriak.

Iparraldeko 50 bat herri agertzen dira taularen bi parametro ilun horietan. Gehienak Lapurdi barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herriak dira.

Kanbo, Hazparne, Aiherra, Bastida, Armendaritze, Gamarte... mapari so eginez gero landa eremuetan urdin koloreak abantzu beltza tonua hartzen du. Hau da, covid-19 kasuak gero eta maizago agertzen dira biztanle gutxi dituzten herritan ere. Urepele, Sohuta, Irisarri.. eragin altua adierazten duen kolorean agertzen dira.

Muturreko kutsadura maila hori neurtzen duen kolore urdin-beltz horrekin agertzen dira, bestalde Ezterenzubi, Aintzila, Bidarrai, Arnegi, Altzai, Idauze-Mendi Atharratze, Pagola eta Aldude.

Ipar Euskal Herriko mapa bereiztuta ez bada agertzen ere, esteka honetan ahal da herriz herri covid-19aren eragina hala do hola neurtu. 159 herrietatik heren bat bederen kezkatzeko kopurutan agertzen dira.

Plan zuria Baionako erietxean

Hain zuzen gaur Jonathan Herve suprefetak jakitera eman duenez Baionako erietxean 27 herritar ingresaturik daude covid-19ak jota. Horietatik 7 suspertze zerbitzuan daude. Saturazio arriskua ez bada ere, suspertze baliabideen %40 erabilia da. Hori dela eta plan zuria aldarrikatuko dute, ebakuntza arruntak gibelatzeko xedez.

Departamenduan 100.000 biztanleko 339 covid-19 kasu zenbatu dira azken 24 orduetan. Positibitate tasa, bestalde, %15,3koa da.

Orotara 50 bat kluster edo agerraldi aktibo daude (34 ziren joan zen asteburuan) departamenduan.

Iparraldeko 2 zahar-egoitzetan kasuak agertu dira. Baita Baionako presondegian ere, non bederatzi funtzionariok positibo eman dute.

Presoei eginiko PCR proben emaitzaren zain daudela adierazi dute gaur ARSko arduradunek.