«Buruaren indarra», Bilbao Basket eta GBCren errezeta bizitzen ari diren egoera zailaren aurrean
Sevillan Betisen aurka jokatuko dute donostiarrek eta Manresan ariko dira bilbotarrak, biek ere garaipen bakarra dutela eta zalantzaz josita. Lointek Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenidaren aurka garaipen ia ezinezko bat bilatuko du.
Porrotak direla, partida atzerapenak direla... ez da giro Gipuzkoa Basket eta Bilbao Basketen baitan, baina aurrera begira jarraitu behar eta larunbat arratsaldean partida jokatu behar dute biek ala biek. Etxetik kanpo eta aurkari zuzen izan diatezkeenen aurka gainera: Betisen aurka Sevillan donostiarrek 18.00etan eta Manresako Nou Congosten 20.45etan.
Biek ala biek garaipen bakarra pilatu dute, baina Gipuzkoa Basketek partida bi gehiago jokatu ditu Bilbao Basketek baino. Sentsazioak ere, are okerragoak erakutsi ditu bere azken bi neurketetan Marcelo Nicolak zuzentzen duen taldeak, Fuenlabradaren aurka hondoa jo baitzuten eta 72-100 galdu, eta Estudiantesen aurka, berriz, hirugarren laurdenera arte hainbestean eutsi arren, azken hamar minutuetan jokatzeari laga eta 80-61 galdu zuten.
«Taldeak gogor egon behar du. Mentalki lan egin behar du eta, batez ere, jarraian akats gehiegi egiten ditugun une horietan, buruz askoz indartsuago egon behar du, eta gure defentsa arauetan eta erasoan batik bat sendoago egon behar dugu», adierazi du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak Sevillara joan bezperatan.
Sevillako partidari buruz, «partida garrantzitsua» dela iritzi dio Nicolak, «guztiak bezala. Gosez, gogoz eta derrigorrezko kontzentrazioz atera behar dugu, amaitu arte lehiatzeko eta erdibidean ez geratzeko. 40 minutuz kontzentraturik egon behar dugu», gaineratu du.
Planak atzekoz aurrera
Baxi Manresa arriskutsua izango du arerio RETAbet Bilbao Basketek 20.45etan. Osteguneko Morabanc Andorraren aurkako partida bertan behera geratu ostean –Ibon Navarro entrenatzaileak eman omen du, antza, positibo–, planak atzekoz aurrera ateratzen ari zaizkio talde bizkaitarrari. Partida egunetan atsedena; atseden egunetan entrenamendua; entrenamendu egunetan bidaia... eta geldialdi hauen guztien ostean, sekulako partida pila bata bestearen atzetik.
«Erritmoa hartzea kostatzen ari zaigu hainbeste atzerapen eta egutegi aldaketekin, baina kexaka aritzeak ez digu ezer onik ekarriko, bagenekielako egoera honetan hau ere gerta zitekeela. Baina honen guztiaren aurrean buruz are eta gogorragoak izan behar dugu, ez dago beste erremediorik», adierazi du Alex Mumbru partida bezperako prentsaurrekoan.
Manresa Gasteizen galtzetik dator, eta Zurbaon ikusi zen Dani perez geratuz gero eta errebotea kontrolatuta, irabaztea posible dela. Baina horrek ez du esan nahi errezeta hori jarraitzea erraza denik; are gehiago, Manresa «talde joko bikaina» egiten ari da, Mumbruren aburuz. «Irabaztea zaila izango zaigu, baina Nou Congosten, Miribillan guk bezalatsu, zaleen bultzada hori ez izatea asko botako dute faltan eta hor ekiten saiatuko gara».
Bestalde, Morabanc Andorraren aurkako dema azaroaren 12an jokatuko dute beltzezko gizonek, gaueko 20.30etan hasita. Ondorioz, azaroaren 14an jokatu beharreko UCAM Murtziaren aurkako dema, hurrengo egunera, 15era alegia, atzeratu da. Neurketa hori 17.00etan hasiko da.
Horrez gain, Bizkaiko Foru Ogasunak Bilbao Basket herrialdeko zordun handien zerrendatik ezabatu du ostiral honetan zerrenda hori berritu ostean. 2019ko sasoian 3,4 milioi euro zor zizkion Bilboko klubak Bizkaiko Ogasunari, eta horrek esan gurako luke zorra milioi batetik beherakoa izango dela, antza denez Isabel Iturbek zuzentzen duen taldearen lan txukunari esker.
Hala ere, babesle berria bilatu beharko du Bilbao Basketek. Apostu etxeen inguruan atera den lege berriak hauek kirol taldeen babesle izatea debekatzen du, RETAbet etxea kasu honetan. Alabaina, aurtengo denboraldia amaitu artean babesle honekin jarraitu ahal izango du Bilboko taldeak, nahiz eta datorren denboraldirako berria aurkitu beharko duen nondik edo handik.
Tramite petrala
Emakumeen Endesa Ligari dagokionez, Araskik eta IDK Euskotrenek igandean jokatzen dute, eta Lointek Gernika Bizkaiak bakarrik zapatuan. Salamancan, hain zuzen, Roberto Iñiguezek entrenatzen duen Perfumerias Avenida izango da bizkaitarren arerioa 19.00etatik aurrera.
Hiru garaipen segidan pilatu ditu Gernikako taldeak, baina egia da Malostetik urruti ez duela etxean bezain ongi jokatzen Mario Lopezen taldeak. Aldiz, Perfumerias Avenidak ez daki oraindik galtzea zer den eta asteazkenean Donostian nahi izan zuen guztia eginda dator. Errekurtsoak sobera ditu postu guztietan eta, hala, bizkaitarrek beren onena atera beharko dute irabazteko aukerarik izango badute.