INFO

Santiago Ospitaleko enpresa-batzordeak benetako negoziazioa exijitu dio ESIko zuzendaritzari

Santiago Ospitaleko enpresa-batzordeak bilera egiteko eskakizun ugari egin ditu Arabako ospitaleetako langileei eragiten dieten arazoak lantzeko. Hala ere, zuzendari gerenteak, bere Pertsonaleko zuzendariaren bitartez, organoa sistematikoki «mespretxatu» egin duela salatu dute. Horregatik, mobilizazioa egin dute Santiago Ospitaleko kanpoaldean, benetako negoziazioa aldarrikatuz.

Santiagoko Ospitalaren kanpoaldean egin duten elkarretaratzea.(@LABsindikatua)

Santiago Ospitaleko enpresa-batzordeak Araba ESIko zuzendaritzaren «blokeoa» salatzeko eta benetako negoziazioa aldarrikatzeko mobilizazioa egin du ostiral honetan ospitaleko kanpoaldean. Batzordeak gaineratu du zuzendari gerenteak ez diola soilik biltzeari uko egin, baizik eta idatziz eginiko gaiei ez diela inolako erantzunik eman.

«Gutxiespen eta mespretxuetaz» nekatuta, hitzemandako bilera periodikoak berrezarri ahal izateko «presio neurriekin» hasi zirela gogratu du enpresa-batzordeak. Besteak beste, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzara zuzendu zuten protesta.

«Espero zen bezala, eta Araba ESIko zuzendaritzaren despotismoa babestuz, Osakidetzako zerbitzu zentraletatik ez genuen erantzunik jaso, baina bai aldiz Araba ESIko Pertsonaleko zuzendaritzatik aurpegi-garbiketarako soilik balio duen sasi-bilera baterako deialdia, iraupen zein edukietan pobrea, alderdi sozialarekin harremana berreskuratzeko helburu faltsua erakutsiz», azaldu dute.

Horregatik, Santiagoko Ospitaleko enpresa-batzorde honek uko egin dio «bilera antzerki» horretan parte hartzeari, modu honetan salatuz Araba ESIko zuzendaritzaren «harrokeria» eta «benetako bilera egutegi bat ezarri dezan eskatzen diogu lantzeke dauden laneko hainbat eta hainbat gai jorratzeko».