Ekhiñe Zapiainek irabazi du Nafarroako Eskolarteko Txapelketa
Etxarri Aranatzen jokatu da ostiral iluntzean Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 34. edizioa, zazpi bertsolari gazterekin. Berako Ekhiñe Zapiainek jantzi du txapela, eta bigarren izan da Iruñeko Bittori Elizalde; biak sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako.
Aforo mugatuan eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta jokatu zen atzo Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 34. edizioa. Zazpi izan ziren ostiral iluntzean ospatu zen txapelketan parte hartu zuten bertsolariak: Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar). Maider Ansak izan zuen saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura eta Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan.
Gai orokorra emanda, lau oinak emanda, azken puntua emanda eta hitz bana emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Bittori Elizalde eta Ekhiñe Zapiain. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta gaia emanda, bakarkan aritu ziren azkenik, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Ekhiñe Zapiainek bildu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, bera izan da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Bittori Elizaldek, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan, Bertsozale elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez.
Bertsolari beratarrak Julio Soto Nafarroako txapeldunaren eskutik jaso zuen iluntzean txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, bertso onenarena. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainek berak irabazi zuen sari hori, zortziko handiko ofizioko bigarren bertsoagatik. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion bigarren sari hori.