INFO

Pedro Iturralde saxofonista faltzestarra zendu da 91 urterekin

Pedro Iturralde (Faltzes, 1929) saxofonista eta klarinetista izateaz gain, konposatzailea zen. Estatu espainiarrean figura nagusienetako bat zen jazz munduan eta generoan hamaika disko grabatu zituen, bakarlari gisa zein taldean. Inoiz ez zituen zenbatu. Musikaria gaur zendu da, 91 urte zituela.

Pedro Iturralde musikaria, artxiboko irudi batean. (Imanol OTEGI I FOKU)

Pedro Iturralde Ochoa 1929an jaio zen, Faltzesen. Zortzi urterekin abiatu zuen bere herrian bertan ibilbide emankor bezain oparoa izan dena. Udal Musika Bandan eman zituen lehen urrats horiek hastapena baino ez ziren izan. Musikaria igande honetan zendu da. 91 urte zituen.

Saxofonista eta klarinetista izateaz gainera, konposatzailea ere bazen. Duke Ellington eta Coleman Hawkins oso gazte zela entzun zituen eta hark, nolabait, txinparta bat piztu zuela kontatu zuen inoiz. «Agerkunde moduko bat izan zen musika hura entzutea», adierazi zion iaz Efe agentziari elkarrizketa batean. Horrek bultzatu zuen jazzaren besoetara, gehiago eta gehiago jakin nahi izatera «bihotza ukitzen» zion musikaz. Genero hartan atzematen ziren «indibidualtasunak« eta «batasunak» erakarri zuten Iturralde.

82 urtez luzatu zen ibilbidean zehar, aitortu zuenez, ez zekien «zenbat milaka« kontzertu eskaini zituen eta inoiz ez zituen zenbatu grabatu zituen diskoak, ez bakarlari bezala, ezta taldearekin ere.

Musikari nafarra Estatu espainiarrean egon den jazz figurarik handiena bezala izendatua izan da, Tete Montoliurekin batera generoaren aurrekaria eta sustatzaile nagusiena izandakoa.

Zortzi hamarkada musikari emanak, oholtza gainean ez ezik, irakaskuntzaren bidez egin zuen. Hezkuntzaren bidez transmititu zuen bere jakintza 1978tik 1994ra Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioak izan zuen lehenengo saxofoi katedran. Bertan ibili zen irakasle gisa. 

1965. urtean Iturraldeak ‘Jazz Flamenco’ diskoa grabatu zuen eta Paco de Lucia musikariarekin kolaboratu zuen. Hain zuzen, berea izan zen jatorrizko jazz flamenkoaren garapena. 1968an Hawpton Hawes piano jotzailearekin egin zuen lankidetza bere laukotearekin ‘Pedro Iturralde Quartet Featuring Hawpton Hawes’ izeneko diskoa grabatzeko. Gerry Mulligan (1927-1996), Lee Konitz (1927-2020) eta Donald Byrd-en (1932-2013) neurriko musikariekin ere konpartitu zituen musika eta bizipenak, baina aitortu zuenez bazituen arantzatxoak. Gustora jo izan luke Stan Getz (1927-1991) eta Sonny Rollins (1930) estatubatuarrekin.

Faltzesetik mundura irekia, 1972an Estatu Batuetara lekualdatu zen Bostongo Berklee College of Music zentroan ikasketak burutzeko eta horretarako beka eskuratu zuen nafarrak. Urte hartan bertan Monaco hirian konposaketa lehiaketa batean lehenengo saria irabazu zuen ‘Like Coltrane’ proposamenari esker eta sei urte ondoren beste sari bat eskuratu zuen ‘Toy’ piezarekin, baita ere Monacon.

Azpimarratzekoak dira, halaber, egin zituen elkarlanak. Besteak beste, Espainiako Orkestrarekin aritu zen, hala nola Victor Martinen Ganbera Orkestrarekin. Agustin Serrano piano jotzailearekin oholtza gainean eskainitako kontzertuak gogoangarriak dira, eta aipagarriak L'Ensemble de Saxofones de Lyon EDO Cuarteto de Saxofones taldearekin eskainitako emanaldiak. Haiekin grabatu zuen, 1994an, ‘Sax a Pel’ diskoa.

Iturraldek musikaren bidez harremana izan zuen ere zinemarekin, eta film luzeen soinu bandak konposatu eta zuzendu zituen. Adibidez, Fernando Fernan Gomezek zuzendutako ‘El viaje a ninguna parte’ luzemetraiarentzat egin zuen musika.

Faltzestarrak errekonozimendu ugari jaso zituen, besteak beste, 1995an Nafarroak ematen duen saririk garrantzitsuena, Kulturaren Vianako Printzea, eta SGAEren Urrezko Domina ere bazuen. Madrilgo Kultura Ministeritzak pedagogiari egindako ekarpena aitortu zion ‘324 escalas para la improvisación de Jazz’ obragatik eta 2006an Arte Ederren Urrezko domina jaso zuen, besteak beste.

Baina erakunde publikoen aldetik ez ezik, ikuslegoaren berotasuna ere jaso zuen maiz, azkena iaz, Iruñeako Gayarre Antzokian antolatu zitzaion omenaldian. Pedro Iturralderen 90 urteak ospatzeko hiru belaunaldi, hiru saxofonista nafar batu ziren oholtza gainean: Javier Garayalde, Mikel Andueza eta Alberto Arteta.