INFO

Filmak eta solasaldiak, Kultura Askeko Zinemaldian

Oztopoak oztopo, zinemak aretoetan egon behar duela sinetsita egingo da Donostian Zine Sozial eta Kultura Askeko Zinemaldia. Azaroaren 5etik 11ra, filmak, solasaldiak eta tailer bat ere eskainiko dituzte.

‘4 cuerpos’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Kultura askearen filosofiaren inguruan sortutako jaialdia da Zine Sozial eta Kultura Askeko Zinemaldia, urtero Donostiara Creative Commons lizentziapean dauden filmak ekartzen dituen jaialdia. Zortzigarren edizio honetan ere film sozialek hartuko dute pisua eta jaialdiaren zuzendari Juan Jose Diaz-en hitzetan, helburua, beste behin, «industriaren gidalerroetan sartu gabe etekinak ematen dituen kalitatezko zinema egitea posible dela erakustea» izango da.

Horretarako, lau egunerako programa osatu dute eta egun bakoitza arlo bati lotua joango da: tradizioa eta modernitatea, giza eskubideak eta aktibismoa, turismo jasangarria eta komunitatea eta komunitarioa den hori. Hala, lehen egunean, azaroaren 5ean, 18.30ean, Toni Lucas-en ‘Fam de Terra’ eta Jacob Sucari eta J.M. Romeroren ‘Akha mugan’ emango dira eta azken film honi lotuta, tailer bat ere eskainiko dute azaroaren 23an: ‘Errito pertsonalak kultura materialista batean’, Jose Diaz psikologoak dinamizatuta.

Hilak 9an Jose Astuy Velaskoren ‘Zutik’, Unai Garciaren ‘Amaidan Salah: Herri baten maratoia’, Mugarik Gabeko Ekonomialariaken ‘Ekintzailetza migratzailea MGE’ eta Irene Navascuesen ‘4 cuerpos’ emango dira; hilak 10ean, 18.00ean, Miguel Angel Blancaren ‘La extranjera’ filmearen txanda izango da; eta 11n, 18.00etan, Carlos Escañoren ‘Alegrías (edo nola egin dokumental bat trianaren inguruan)’, Rocio Garcia Martinezen ‘Elige la vida, nadies’ eta Anrtonio Giron eta Raquel Congostoren ‘Los cuidados’ eskainiko dira. Emanaldien ostean, gaiarekin lotutako solasaldiak egongo dira, filmeen zuzendarien edota arlo sozialarekin lotura duten aktibisten eskutik.

Proiekzio guztiak Koldo Mitxelenan izango dira, eta tailerra San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiko sotoan emango da. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da.

Nobedadeak

Edizio honetarako nobedaderik ere badute. Diazek azaldu duenez, euren Youtube kanalean zuzendariekin edota pelikuletan agertzen diren errealitateekin lotura duten pertsonekin elkarrizketak grabatu dituzte. «Hamar minutu eta ordu erdi bitarteko grabazioak dira. Batzuek zinema dokumental sozialean lan egiteko modua erakutsi eta alor honetan lan egitea sustatzen dute, eta beste batzuek pelikulan agertzen den errealitatean sakontzen dute», azaldu du.

Pandemia egoerak behartuta online egiten ari diren jaialdien aurrean, eurek zinemara joatearen aldeko aldarria egiten dutela ere esan du Diazek, baina jaialdiak sarean bere lekua izango duela gaineratu du: «Ez dugu online jaialdi bat egin nahi, baina egia da bizi dugun egoera honetan jendeak galdetu egiten duela eta, lehen aipatutako elkarrizketez gainera, solasaldiak streaming bidez eskainiko ditugu». Behin jaialdia amaituta, pelikulek Creative Commmons lizentzia dutenez, sarearen bidez horiek ikusteko link-en zerrenda ere zintzilikatuko dute.