INFO

Urriak 29ko itsaskia: Kantauri itsasoaren opari ikusgarria

Ezohiko itsaskia izan zen urriaren 29an Europako kostaldean. Epsilon ekaitzak Atlantikoa zeharkatu zuten uhinak bultzatu zituen etaolatu erraldoietan surf egiten aritu ziren surflariek itzelezko ikuskizuna eskaini zuten. Natxo Gonzalezek urautsi bat estreinatu zuen.


Irudi gogoangarriak utzi ditu pasa den urriaren 29ko itsaskiak. Aspaldi izan diren olatu handienak izan ziren gure kostaldean eta, hego-haizeak lagunduta, surf egiteko baldintza onak ere izan ziren. Ordea, olatuen altueraren eta itsaskiaren izaera indartsuaren ondorioz, oso surflari gutxi izan ziren itsasoratzen ausartu zirenak. Olatu handietako surflari askok lehorrean geratzeko erabakia hartu izanak argi azaleratzen du, ezohiko itsaski bat izan zela.

Soilik olatuak oso handiak direnean agertzen diren babestutako urautsietan gozatu ahal izan zuten maila ertaineko surflariek. Adibidez, Zokoan, Donostiako Ondarreta hondartzan edo Algortako Ereaga hondartza inguruan diren urautsietan metro bateko edo bi metroko olatuak izan ziren. Bestalde, olatu handietako urautsietan ohi baino surflari gutxiago itsasoratu ziren arren, eskainitako ikuskizuna itzela izan zen.

Gurean, probintzia bakoitzeko urautsi bat hautatzearren, Lapurdiko Belharra, Gipuzkoako Izuztarri eta Bilboko portuaren aitzinean den urautsi batean lehen aldiz Natxo Gonzalezek hartu zituen olatuak nabarmendu daitezke. Euskal Herritik harago, ostera, Portugalgo Nazare eta Irlandako Mullaghmore urautsietan ere inoiz ez bezalako olatutzarrak hartu zituzten surflari profesionalek.

Itsaskiaren berezitasunak

Olatu handietako surflariak zain ziren. Ekaitz bilakatu zen Epsilon urakanak Atlantikoa zeharkatu zuen eta itzelezko itsaskia bultzatu zuen Europako kostalderantz. Uhin batetik bestera 20 segundoko tartea zuten olatuak zetozen ipar-mendebaldetik, bidean batere trabarik gabe, eta, kostaldera iristean, hego-haize finak orraztu zituen.

Gurean ez da batere ohikoa olatuen artean 20 segundoko tartea izatea. Horrek esan nahi du uhin horiek Atlantikoaren beste aldean sortu direla eta bidean beste ekaitz batek trabarik egin gabe energia biltzen joan ahal izan dutela. Geroz eta segundo gehiago olatuen artean, orduan eta ibilbide luzeagoa egin duten seinale.

Horregatik, Kantauri itsasoan gehienez 22 edo 23 segundo izan daitezke olatu batetik bestera, eta Txilen edo Kalifornia iparraldean, esaterako, 30 segundo baino gehiago ere izan daitezke bi uhinen artean, Ozeano Bareak uhinek ibilbide luzeagoa egiteko aukera eskaintzen baitu. Aitzitik, Mediterraneoan uhin batetik bestera 10 segundo baino gutxiagoko distantzia izaten da eta olatuek ez dute garaiera handia hartzeko behar adinako distantziarik egiten.

Euskal Herria

Aspalditik zuen Natxo Gonzalezek begitan hartuta Bilboko portuaren aitzinean lantzean behin ateratzen den olatua. Galea lurmuturretik ikus daiteke, itsas zabalean, baina itsaskiak zinez oso handiak direnean bakarrik ateratzen da eta urteak pasa behar izan ditu Plentziako surflariak aukeraren zain.

«Niretzako erronka pertsonal garrantzitsua da. Hamar urte baino gehiago egin ditut olatu honen zain, beraz, niretzat egun historikoa da, ziur aski herri honen historian inoiz hartu diren olaturik handienak hartu dira gaur», azaldu zuen Gonzalezek.

Gipuzkoan, ostera, Getaria eta Zumaia artean izan zen ikuskizuna, surflariek “Roca Puta” deitzen duten Izuztarriko olatuan. Ez ziren asko izan surf egiten ausartu zirenak, zazpi edo zortzi lagun, baina sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Itsasoratu ziren surflarien artean ziren Indar Unanue, Ruben Vitoria, Iker Amatriain, Iker Treviño, Aritz Aranburu, Andoni Tarta eta baita Leo Fioravanti surflari profesional ezaguna ere.

Lapurdin, Belharrako olatua esnatu zen. Hori ere oso gutxitan ikus daiteke eta ehunka lagun bildu ziren Erlaitzan ikuskizunaz gozatzeko. Gainera, esan beharra dago ostegunean oraindik ez zirela itsasaldi biziak, beraz, itsasbeheran marea ez zen asko jaitsi; hala eta guztiz ere, Belharran olatuak lehertu ziren, sekulako altuera zutelako.

Mullaghmore eta Nazare

Pasa den astean orriotan azaldu genituen Mullaghmore urautsi irlandarrak dituen berezitasunak. Europako olatu arriskutsuenetako bat da eta zinez zaila da berau mendean hartzea. Horregatik, iragan astean Conor Maguirek hartutako olatu munstroaren irudiek sekulako oihartzuna izan dute. Hurrengo XXL sariak irabazteko aukera asko ditu irlandarrak, inoiz hartu den olatu handi eta zailenetako bat hartu baitzuen Tow-in bidez.

Irudi beldurgarriak eskaini zituen beste urautsia Portugalgo Nazare izan zen. Inoiz bertan hartu diren olatu handienetakoak hartu zituzten surflariek, baina badirudi ikusleok ohitzen hasiak garela, 15 metrotik gorako olatuetan, bi metro gehiago edo gutxiago izatea ez baita igartzen. Hala ere, izango da azken itsaskiak utzitako irudiak lasai aztertzeko denbora.