Ehun partida jokatu eta gero «hemen hazten jarraitzea» espero du Nerea Eizagirrek
Jokalari tolosarrak ehungarren partida jokatu zuen atzo Realarekin. Une goxoa bizitzen ari da, bere taldean protagonismoa izanez eta Espainiako selekzioaren deia jaso ondoren.
Hogei urte besterik ez ditu baina bere taldeko jokalaririk beteranoetakoa da dagoeneko. Ehungarren partida, hain zuzen ere, jokatu zuen atzo Nerea Eizagirrek Realarekin. Eta ospakizuna nahi zuen bezelakoa izan ez bazen ere, efemerideak une ezinhobean harrapatu du tolosarra: Natalia Arroyoren proiektuan protagonismo handia izateaz gain, Espainiako selekzioaren lehen deia jaso du ere.
«Hiru punturekin ospatzea espero nuen eta alde horretatik triste –onartu du–. Baina bestalde pozik nago, hogei urterekin ehun partidu jokatu izana polita da. Nerekin egon diren pertsona guztiei eskertzen diet, garrantzitsua baita egunero egunero nire alboan izatea, eta espero dut oraindik partidu gehiago jokatzea». Zuri-urdinez jantzita, bere asmoa «hemen hazten jarraitzea» dela adierazi baitu. «Hogei urte dauzkat, bost denboraldi daramatzat hemen, ehun partida eta denboraldi eta partida gehiago gehitzen jarraitzea pentsatzen duzu. Ikasi eta hazi, hori da nire helburua. 16 urterekin debutatu zuen Nerea hori gero eta pertsona eta futbolari hobea izan dadila».
Atzera begiratzeko orduan, ez zaio erreza suertatzen une bakar bat aukeratzea «partida denetatik ikasten delako zerbait» baina argi dago bi nabarmentzen direla. «Kopako finala eta geroko ospakizun guztia oso polita izan zen, beti gogoratuko dut. Eta debutaren eguna ere, berezia izan zen, amets bat egi bihurtu bainuen».
Orduan, orain eta etorkizunean, jokalari gipuzkoarrak badauka bere “sekretua”: «partida guzti horiek bakarrak izango balira bezala bizi izan ditut. Lan saio eta partida guztietan disfrutatzen saiatzen naiz, dena baita errazagoa disfrutatzen baduzu. Une txarretan disfrutatzen saiatzen bazara eta onetan egiten baduzu, dena da errazagoa».
Argi dago gaur egunekoa goxoa dela. Eta baita hobeak etorri daitezkeela ere. Horrela espero du, jokalariak beraz gain, bere entrenatzaileak. Granadillaren aurkako partidaren bezperan azaldu zuenez, Natalia Arroyok «oso ondo» ikusten du Eizagirre.
«Pertsonalki eta kirol mailan oso une onean dago eta talde bezala horretaz aprobetxatzen ari gara. Bere talentua garatzen jarraitzeaz gain, orain arte beharbada ezagutzen ez dituzuen alderdietan haztea ere da berarekin daukagun helburua –azaldu zuen–. Danok dakigu oso jokalari trebea dela eta baloiarekin erabakiak hartzeko eta egoerak konpontzeko gaitasun handia daukala. Horrekin batera, 90 minutuko jokalaria izatea nahi dugu, partida askotako jokalaria, eta ondo egiten dituen gauza horiek ondo irtetzen ez zaizkion egunetan, beste gauza asko egiten ikasten lagundu nahi diogu, baloirik gabeko lanean, lan defentsiboan… Eta poz-pozik gaude, Nerea konfiantzaz beteta, entregatuta eta konprometituta ikusten baitugu. Denboraldi ona egiteko gogoak dauzka eta pozik gaude horrekin, taldearentzat ona izango baita. Gainera Espainiako selekzioaren deiaren saria hartzen badu, askoz hobe, horrek ere bultzatu baitiezaioke».