INFO

Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenak Irunen, Bilbon eta Eibarren jokatuko dira

Irribarriak Darioren aurka ostiral gauean jokatuko du Uranzu pilotalekuan; Urrutikoetxeak Jakaren kontra larunbatean Bizkaia frontoian; eta igandean Astelenan bi kanporaketa: Elezkano/Agirre eta Ezkurdia/Altuna.

Agirrek Oinatz kanporatu zuen eta Elezkanoren aurka jokatuko du igandean Eibarren (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Aurreko astean Enpresen Ligak kaleratutako oharrak zalantzaren bat utzi zuen arren –publikorik gabe jokatu beharrak sortzen duen egoera aztertuko zutela esan zuen–, Buruz Buruko Txapelketak aurrera jarraituko du datorren asteburuan.

Final-laurdenetako neurketen txanda izango da, eta kanporaketei hasiera ostiral gauean emango zaie Irunen Iker Irribarriak eta Dariok jokatuko duten partidarekin. Gogoratu behar da Irribarria egungo txapelduna dela, iaz finalean Urrutikoetxea menderatu ostean, eta Dario berriz final-zortzirenetan Zubizarretari irabaztetik datorrela –aurrez Aspeko aurre-kanporaketan nagusitu zitzaion Peio Etxeberriari–.

Jaialdi hori 22.00etan hasiko da Uranzu pilotalekuan eta hiru partidaz osatua egondo da, beste biak astearte goizean aurkeztuko den Promozio Txapelketakoak izango dira.

Larunbat arratsaldean Urrutikoetxea eta Jaka izango dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan neurtuko direnak. Urrutikoetxea da seri-burua eta Erik Jaka larri ibili zen final-laurdenetan Bakaikoa menderatzeko. Jaialdia 17.45ean hasiko da.

Eta igandean bi kanporaketa jokatuko dira Eibarren, Astelena pilotalekuan. Jaialdia 17.00etan hasiko da Danel Elezkano eta Asier Agirreren arteko partidarekin –Agirrek Oinatz Bengoetxea kaleratu zuen–, eta ondoren etorriko da seguruenik orain arteko kanporaketa deigarriena, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunaren artekoa.