Zortzi egunez soilik euskaraz bizitzeko erronka hartu dute bederatzi gaztek
Euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatu eta ikustarazteko helburuarekin, adin, kokapen geografiko eta errealitate soziolinguistiko ezberdina duten Euskal Herriko bederatzi gazte euskara hutsean biziko dira azaroaren 12tik 19ra. Gaztealdia ekimenak «Euskaraldian gazteok ahots propioz hitz egiteko prestatzen hastea» ere badu jomuga.
Gaztealdia ekimena aurkeztu dute. Azaroaren 12tik 19ra, «Euskaraldian gazteok ahots propioz hitz egiteko», Euskal Herriko adin, kokapen geografiko eta errealitate soziolinguistiko ezberdina duten bederatzi gazte euskara hutsean biziko dira. Euskal Herriko hainbat gazte euskara taldek bultzatu duten ariketa da, Euskaraldiaren testuinguruan.
Bertan, Sodupe, Zornotza, Deustu, Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohitzune eta Urepeleko bederatzi gaztek hartuko dute parte, Bizkaiko Topa Gaitezenek, NUPeko euskara taldeak, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldeak, Gasteizko EHUko euskara taldeak, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldeak, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteak bultzatuta.
Euskarak bizi duen egoerarekin kezkatuta jarriko dute martxan egitasmoa. «Adituen arabera, erritmo eta modu honetan ezin diogu euskarari bere etorkizuna bermatu. Euskalgintza Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko gai den arren, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen», hausnartu dute.
Hizkuntza politiken eta euskalgintzak egindako hipotesi eta apustuek aurreikuspenak bete ez dituztela iritzi dute. «D ereduak, EITBk, euskarazko irratiek edo erakunde publikoetako euskara teknikariek euskararen salbazioa ekarriko dute, herritarrok guri dagokigun erantzukizuna hartu ezkero, noski. Hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakitenek ez ikasteagatik, dakitenek ez erabiltzeagatik baizik», azpimarratu dute.
Ekimenak euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikustaraztea du helburu eta horien inguruan hausnartzea eta determinante horiek «Euskararen Herria eraikitze bidean jartzea».
Honekin gazteek euskaraz bizitzeko hautua egitea ere bultzatu nahi dute. «Hautu hau ezin dugu herri proiektu batetik bereiztuta ulertu. Herri horretan pertsona guztiek euren bizitza era duin baten garatzeko aukera izatea, berdinen arteko eta zapalkuntzarik gabeko herri baten eraikuntza hain zuzen. Horrek, ezinbestean, herri euskaldun bat dakar berarekin, euskarak ez baitu beste inoren hizkuntza ez naziorik desagerraraziko, gaur egun gure herrian gertatzen ari denaren kontran», nabarmendu dute.
Era berean, euskarak gazteon bizi proiektuaren garapenean «bide» izan behar duela iritzi dute. «Gazte gisa, gizartean era duin baten garatzeko helburua daukagu, eta euskararen aldeko hautua, garapen honetan euskarak ematen dizkigun aukeren araberakoa izango da. Ezin baitugu erabilerarik ulertu eskubide, eremu seguru eta boteregunerik gabe», adierazi dute. «Euskaraz bizitzearen hautua hautu zorotzat hartzen baldin badugu, eta konbentzituta gaudenoi hamaika buruhauste suposatzen badizkigu, botere gune ezberdinetan estres sortzaile izanik, nola eskatu txikitatik inguru erdaldun bat eduki duenari euskarak bere atzetik dakarren estresa asumitzeko?», galdetu dute.