INFO

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren bildumarik kutunena Gordailuak zaindu eta kontserbatuko du

Kutxa Fundazioak hamar urteko lankidetza hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Kultura sailarekin Arte Ederren bilduma partikularreko 1.200 lan baino gehiago Gordailuan gorde eta kontserbatzeko. Arte lan «kutunenak» dira, balio handikoak. Akordioak ere kontserbazioaren arloan ikerketa beka bat eta arte garaikideko laborategi bat aurreikusten ditu.

Prozesua konplexua da, eta zorroztasunez bete behar da.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Kutxa Fundazioa sortu aurretik, Udal Aurrezki Kutxa lehendabizi, eta Aurrezki Kutxa Probintziala ondoren, Arte Ederren bilduma bereganatuz eta aberastuz aritu da hamarkadaz hamarkada, gaur egun 5.500 pieza inguruz osatutako ondare artistikoa osatu arte. Hori guztia baldintza duinetan zaindu eta kontserbazioa bermatzen dela ziurtatzeko, Kutxa Fundazioak Gordailuaren esku utzi ditu bilduma zabal horren parte diren 1.200 pieza. Obra piktorikoa, eskultorikoa eta grafikoa da Irungo egoitzara eramango dena.

Lankidetza hitzarmena iragan uztailean sinatu bazen ere, Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxa Fundazioak ostegun honetan eman dute akordioaren berri. Aditzera eman dutenez, hamar urteko luzapena du momentuz, eta lekualdatu egingo dira Kutxa Fundazioaren pieza artistikorik «kutunenak», ondare aldetik «balio handiena» dutenak. Oteiza, Chillida, Amondarain, Balerdi, Iturrioz eta Arteta, amaigabea den zerrendatik izen batzuk baino ez aipatzearren.

1.200 pieza horiek mugitzea oso prozesu konplexua da, eta zuhurtzia handiaz jarraitu behar dira urratsak, obretan kalterik ez eragiteko. Adibide bat ipintzearren, gaur gaurko 400 arte lan baino ez dituzte Ibaetako egoitzatik Gordailuara eraman, eta lekualdatzeak bakarrik astebeteko lana izan du atzean. Ondoren, piezak banan banan ireki, datu basean sartu, bakoitzari dagokion etiketa sortu eta biltegian dagokion lekuan kokatu. «Epeak anoxia deitzen den tratamenduak markatzen ditu», adierazi du Kutxa Fundazioko Arte Zuzendaria den Ane Abaldek. Gela batean artelanak sartu, oxigenoa kendua eta bizitza izan dezakeen edozein bakteria desegiten da. «Hau ezinbesteko baldintza da Gordailuaren bildumara erantsi ahal izateko», adierazi du Carlos Olaetxea zuzendariak.

Aurrerantzean Gordailuak zaindu eta tratatuko duen Kutxa Fundazioaren ondarea oso anitza da, eta XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte luzatzen da denboran. Abaldek abangoardiako aroa azpimarratu du, XX. mendeko 20. eta 30. hamarkadak bereziki, baita 60. hamarkadan sortutakoa ere, hau bereziki Gaur taldeari lotutako ondarea dela zehaztu du.

Olaetxea oso pozik agertu da Gordailuara batuko diren obra kopuruarekin, eta dei egin die bereziki ikertzaileei, gerturatu daitezela haien instalazioetara. Gaur egun hurbiltzen direnak batez ere arkeologiarekin lotura dutenak dira, «eta noiz edo noiz etnograforen bat». «Ikerketa artistikora dedikatzen den hori etorri dadila gurera, non eta zer ikertu badago…».

Ondarea gizarteratzeko garrantzian azpimarra jarri du, bestalde, Arkaitz Millan Kultura diputatuak. Zentzu berean mintzatu da Abalde. «Gipuzkoarrok oso harro sentitu beharko ginateke Gordailua izateaz, eta dugun ondareaz». Zentzu horretan, Kutxa Fundazioak konpromisoa hartu du Gordailuaren bildumak zabaltzeko eta haien balioa goraipatzeko erakusketa espazioen programazioetan.

Ikerketa beka eta artxiboa

Kultura diputatuak hitzarmena «estrategikotzat» jo du elkarlanak besteak beste, ikerketa beka bat aktibatuko dela ondarearen kontserbazioaren arloan eta artxibo dokumental bat eta arte garaikideko laborategi bat sortuko direlako. ‘Gordailua-Kutxa Programa’ izenarekin, ondarearen kontserbazioa, ezagutza eta zabalkundea sustatzea izango da helburua. Baldintzak urtero adostuko dira.

Honen baitan, bikaintasunean trebatzeko beka bat jarriko dute martxan, ondarearen kontserbazioaren eta jasangarritasunaren arloan. Arautu gabeko formakuntza izango da, eta praktikak egiteko egonaldietarako izango da Estatuan zein nazioartean ospe aitortua duten bildumak kontserbatzeko zentroetan.

Bestetik, Arte Garaikideko materialen artxibo dokumentala eta laborategia sortuko dira lankidetza-hitzarmen honen baitan. Honen arabera, bi erakundeek beren jardueretan lan egiten duten artisten informazioa bildu, eta produkzio teknikak eta kontserbazio premiak aztertuko dira.