Guillaume Fauveau argazkilaria mehatxatu du frantziar Poliziak
NAIZ, Kazeta, Mediabask eta ‘Berria’rentzat lan egiten duen Guillaume Fauveau argazkilariak Polizia Baionan egiten ari zen kontrol batean argazkiak atera zituen azaroaren 17an. Bere lana egiteagatik salaketa ezarriko dutela mehatxu egin zioten poliziek harrera bortitzarekin. Salaketa jarriko du.
Joan zen azaroaren 17an, asteartearekin, arratsaldeko 15.00ak aldera, frantziar Polizia etxetik ateratzeko joan-etorriko agiriak galdegiten aritu zen Baionan, kontrol batean.
Zehazki, Santu Izpiritu auzoko Alsace-Lorraine etorbidean. Guillaume Fauveau NAIZ, Kazeta, Mediabask eta ‘Berria’ hedabideentzat lan egiten duen argazkilariak bere lanari ekin zion, argazkiak atera eta komunikabideek dagokien informazio lana egin dezaten.
Polizietako bik prentsa karta eskatu zioten, Fauveauk erakutsi eta hastapenean ez zen arazorik izan. Alta, poliziak gibeletik 5-10 metrora jarraitu zituelarik, xuriz jantziriko bi polizia bortizki hurbildu zitzaizkion argazkilariari eta argazkiak egiteari uzteko eta bertatik alde egiteko exijitu zioten.
Momentu horretan eztabaida bizia izan zuten bi poliziek eta Guillaume Fauveauk. «Nik erran diet badudala eskubidea nire lana egiteko, prentsa argazkilaria naizelako eta haiek nahi edo ez, guk eskubidea dugula. Haiek konfinamenduan atestazioak kontrolatzen dituzte, nik kazetari lana egiten dut», adierazi dio argazkilariak Kazeta.eus atariari.
Fauveauk salaketa ezartzeko asmoa du gaur bertan Baionan Poliziak duen komisaldegian.