INFO

Kirmen Uriberen euskarazko poema bat argitaratuko du ‘The New Yorker’ aldizkariak

‘The New Yorker’ aldizkariak Kirmen Uriberen euskarazko poema bat argitaratuko du datorren asteko alean. Aldizkariaren webgunea ingelesez eta euskaraz irakurri eta entzun daiteke jada. Uribek euskaldun guztiekin, eta batez ere kulturgileekin, partekatu nahi izan du bere poza.

Kirmen Uribe idazlearen artxiboko arrgazkia. (Jon URBE/FOKU)

Kirmen Uriberen euskarazko poema bat argitaratuko du ‘The New Yorker’ aldizkariak azaroaren 23an aterako duen alean. Elizabeth Macklinek itzuli du poema ingelesera eta jada bi hizkuntzetan irakurri eta entzun daiteke aldizkariaren webgunean.

Olerkiak Uribek Ondarroan bizitako haurtzaroa kontatzen du. Gogoratzen du nola amonak eta amak kontserba-lantegi batean lan egiten zuten eta nola atentzioa ematen zion etxera zeramaten astun-usain hark. Era berean, garaiko emakume langileen egoera gogoratzen du.

NAIZi azaldu dionez, ‘The New Yorker’-ek bere zenbaki bakoitzean bi poema argitaratzen ditu eta mundu guztiko egileak haien lanak bidaltzen dizkiote. 2003an, bere ‘Maitza’ poema atera zuten ere, baina ingelesezko itzulpena bakarrik. Oraingoan urrats bat gehiago eman da, eta webgunean euskarazko audioa ere publikatu da.

‘The New Yorker’ hiri estatubatuarreko aldizkaririk ezagunena da, eta nazioarte mailan erreferentea. Uriberen poema euskaraz agertzen den lehenengo publikazioa da eta hori nabarmendu nahi izan du idazle ondarrutarrak: «Nire helburua beti izan da euskararentzat lurralde berriak irabaztea. Honek Euskaldunok gure burua ikusgarriago egiteko balio badu primeran. Horrek indarra ematen dio kultura bati kanpoan eta barruan». Horregatik euskaldun guztiekin, eta batez ere kulturgileekin, partekatu nahi izan du bere poza.

Era berean, Estatu Batuetako irakurleekin harremana «sendotzeko» aukera gisa ikusten du Uribek. «Irakurleak pixkanaka egitea da kontua, eta ‘The New Yorker’-ek asko laguntzen du horretan, arreta pizten du. Niri organikoki haztea gustatzen zait, irakurlez irakurle, ez bat-batean kanpaina handi bat eginda. Alez ale irabazten zoazen irakurle horiek, horiek betirako dira. Berri pozgarria da, kontuan izanda kulturgileok bizitzen ari garen egoera».