INFO

«Funtsezkoak ez diren» saltokien mugimendura batu dira ostalariak

Dendari txikien atzetik ostalariak etorri dira. «Kasu kasu ostalariak kesu» kolektiboa aurkeztu dute Baionan. Gainontzeko saltokiak irekitzen direnean, jatetxe eta kafetegiek ere irekitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute.

«Kasu kasu ostalariak kesu», aurkeztu dute Baionako ostalariek. Bob EDME

«Funtsezkoak ez diren» beste saltokiekin batera irekitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du «Kasu kasu ostalariak kesu» kolektiboak. Gainontzeko saltokiek baino denbora gehiago egin dezakete konfinatuta, baldin eta Gobernu frantsesak soilik saltoki batzuek irekitzeko erabakia hartzen badu. Horren aurrean, Ipar Euskal Herriko ostalariak batzeko deia luzatu dute.

Orain artean jasan behar izan dituzten aldaketa eta neurri zorrotzak salatu dituzte Baionako ostalariek eta Gobernu frantsesak beste saltokiekin batera irekitzen uzten ez badie mobilizatu egingo direla ohartarazi dute.

Baionako ostalriek azaldu dutenez, oraingoz mugimendua bat batekoa da, baina mugimendua gorpuzteko ahalik eta jatetxe zein kafetegi gehien bildu nahi dituzte Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin.

«Funtsezkoak ez direnenen» mugimendua hedatzen

Ostalarien iragarpena dendariek azken egunetan egin dituzten mobilizazioen ostean dator. Kafetegi eta jatetxeak ere «funtseskoak ez diren» saltokien taldean sartzen dira, nahiz eta batzuetan zein besteentzat neurriak berberak ez diren, edo zenbaitetan, berezita aplikatzen diren.

Dendari txikiek ere haien ateak itxiak dituzte, baina berriki aditzera eman dutenez, ez dute itxaroteko asmorik, abenduaren batean haien ateak ireiko baitituzte. Egun horretan iragarri behar ditu Gobernu frantsesak neurri berriak, baina Ipar Euskal Herriko dendariek «gertatzen dena gertatzen dela» haien saltokiak irekiko dituztela jakin arazi zuten.

Pixkanaka «funtseskoak ez diren» saltokien artean ezin egona handitzen ari da. Neurri sanitarioek multinazional eta enpresa handien diru poltsak handitzen dituzten bitartean haien dendak ixtera behartu dituztela salatzen dute. Hain zuzen ere, enpresa txiki eta handiei ezartzen zaizkien neurrien desberdintasuna salatzeko ekintza sinbolikoa egin zuen Bizi Mugimenduak Amazonek Baionan duen egoitza batean.

Gauzak honela, dendariekin hasi zena beste eremu batzuetara zabaltzen hasi da, zalantzak ardura ostalariengan ere gailentzen hasi da, eta pixkanaka, «funtsezkoak ez direnen mugimendua» hedatzen ari da.