INFO

Getaferen «lehiakortasuna» azpimarratu du Mendilibarrek

Madrildarren bisita jasoko du igandean Eibarrek, Ipuruan denboraldiko lehen garaipena ospatzeko asmoarekin. Bere taldeak jokoaren hainbat alderditan hobetzeko beharra duela aitortu du entrenatzaile armaginak.

Eibarrek ezin izan du Ipuruan garaipenik ospatu denboraldia hasi zenetik. (SD Eibar)

Seigarren aldiz saiatuko da igandean Eibar Ipuruan denboraldiko lehen garaipena ospatzen. Bi eskuratu ditu dagoeneko, baina biak etxetik kanpo etorri zaizkio, Valladoliden eta Sevillan, hain zuzen ere. Armaginen helburua, beraz, argia da. Baina aurkaria, gogorra.

Getaferen bisita hartuko dute. Azken urteotan baino emaitza eskasagoak lortzen ari da talde madrildarra –izan ere, Eibarrek sailkapenean gaindituko du irabaziz gero– baina Jose Luis Mendilibar ez da batere fidatzen, argi baitauka beti aurkari lehiakorra dela. «Beti lehiatzen dute. Ez dira inoiz erlaxatzen eta beti oso partida zailak egiten dizkizute. Aurkari zailenetarikoa dela uste dut. Buru-gogorrak izan behar gara, hauek ez baitizute uzten zure futbola egiten, oso gogorrak dira. Eta eurei begira bagaude ezin izango dugu irabazi».

Bere buruari begira ere, badauka lana talde gorri-urdinak. Denboraldi hasieratik egondako hobekuntza nabaria bada ere, oraindik jokoaren hainbat alderditan hobetzeko beharra duela uste du bere entrenatzaileak. Alde batetik, arrisku gehiago sortu behar duela azpimarratu du. «Adibidez Elcheren kontra lehen zatia edo gutxienez lehen ordu erdia oso ona izan zela uste dut. Baina oso ona izanda, aukera gutxi egin genituen –gogorarazi du–. Aurreko urteetan areara heltzen zen talde bat izan gara, hegaletatik igo, erdiraketa asko bota, aurrelariekin batera zelaierdiko jendea agertzen zen arean errematatzeko… Hori falta zaigu. Batzutan une onak dauzkagu baina sentsazioa ez da gola sartuko dugula, arrisku-sentsazioa ere ez dugu sortzen». Horregatik lan-saioetan «ahalegintzen ari gara guzti hori lantzen. Hegaletik igo erdiraketak botatzeko, jendea igotzea, jendea prest egotea aldaratze bat dagoenean berriro areara bidaltzen edo errematatzen saiatzeko…».

Beste gabezi handiena baloirik gabeko jokoan dagoela uste du. «Gertatu zaigu ondo egotea eta aurkariak, jokaldi isolatu baten, aukera bat sortu edo gola sartzea ere. Kontua da ondo egoteak ez duela esan nahi bakarrik baloiarekin ondo egotea, heltzea… Aurkariak baloia lapurtzen dizunean, baloia daukanean, orekatuta egon behar zara, adi… Ezin da bi paserekin zure areara heldu», esan du. Horregatik, «erasoan ari garenean jokoan zuzenean parte hartzen ari ez diren jokalariek arreta handiagoa ipini behar» dutela azpimarratu du. «Baloitik gertu eta jokalditik gertu daudenak, normalean, adi daude. Baina batzutan badirudi partehartze zuzena ez dutenak ilargian daudela. Adi egon behar gara, arreta handiagoarekin jokatu, orekatuagoak… Eta askoz gehiago hitz egin gure artean, elkarri laguntzeko».

Abenduko egutegia

Racing Riojaren aurkako Kopako partidaren data jakitea falta zaio bakarrik Eibarri Gabonak arteko egutegia osatzeko, Ligak beste hiru jardunaldien ordutegiak plazaratu ondoren.

Igandean Getafe Ipuruan hartu ondoren, armaginek Betis bisitatuko dute azaroaren 30ean (astelehena, 21.00). Abenduaren 7an (astelehena, 21.00), Valenciaren aurka jokatuko dute Ipuruan. 13. jardunaldiko derbia Anoetan lehiatuko da abenduaren 13an (igandea, 14.00) eta Real Madrid ere, igandean (abenduaren 20an, 21.00) etorriko da Ipuruara. 15. jardunaldiko Alavesen kontrako derbia, azkenik, Mendizorrotzan jokatuko du Eibarrek abenduaren 23an (asteazkena, 22.00).