INFO

Jaione Jauregi Ganten atxilotu dute, Espainiaratzeko data momentuz jarri gabe

Ganteko espetxean da Jaione Jauregi, bertan atxilotu ondoren, baina baliteke aske uztea berriz. Espainiaratzeko erabakia hartu dute aste honetan bertako auzitegiek, azken helegitea baztertuz.

Auzitegi Nazionalak urteak eta urteak eman ditu Espainiaratze honen atzean.

NAIZek baieztatu ahal izan duenez kartzelan da Jaione Jauregi euskal iheslari politikoa, asteazkenean Polizia federalak atxilotu eta gero. Aski jakina denez, lau hamarkada dira etxetik alde egin zuela eta aspaldi ari zen Auzitegi Nazionala bere aurka, Espainiaratu nahian. Aste honetan jakin da, zenbait aldiz ukatu ondoren, belgikar auzitegiek horri bide eman diotela.

Bere azken helegitea bertan behera utzi ondoren, Espainiaratzeko erabakia hartua dagoela dirudi, baina noiz eta nola gauzatuko duten ez dago jakiterik. Hautu hau egin ostean, Poliziak Ganteko espetxera eraman du, baina bere defentsari aipatu zaionaren arabera daitekeena berriz aske uztea da, kontrol telematikoa ezarriz.

Espainiar ajentziek aste honetan ziurtatu dutenez, 60 eguneko epea lukete Belgikako auzitegiek bere erabakia gauzatzeko.

Duela 39 urteko akusazio batengatik

Estatu espainolean leporatzen zaion azken delituaren auzia daraman Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak bi berme eman omen dizkio Ganteko auzitegiari, bere erabakia errazteko: Jauregi ez dutela inkomunikatuko eta Madrilera heltzean konfidantzazko abokatua izango duela.

1981. urtean ETAk Bizkaian eginiko atentatu bat egozten orain Jauregiri Madrilen. Gogoratu behar da urte hartako beste ekintza bati zegokion auzia itxi egin zuela Auzitegi Nazionalak aurtengo otsailean, gertatutakoa jada preskribaturik zegoela onetsita.

Aurretik saiakera hauetako batean ezetz borobila eman zioten belgikar Estatuko auzitegiek Auzitegi Nazionalari, torturaren arriskua aipatuz. Espainaratuz gero Jaione Jauregiren eskubideak agian ez zirela errespetatuak izango argudiatu zuen Ganteko auzitegi batek eta erabakia berretsi egin zuten Bruselan.

Sortuk, Belgikari: «Ez lagundu estrategia erreakzionarioa»

Sortuk, gaur goizean igorritako irakurketan, «Espainiako hainbat sektore erreakzionariok herri hau iraganera itzultzea» nahi dutela gaitzetsi du. «Sakoneko estatuaren apustua argia da: borroka armatuaren mamua luzatu eta bizirik mantendu nahi dute, Euskal Herriaren askapen bidea oztopatu eta preso eta iheslari politikoen auzia betikotzeko asmoz».

Era berean, Belgikako auzitegien jarrera aldaketa salatzeaz gain, Belgikar estatuari «estrategia erreakzionario hori ez laguntzeko» eskatu diote. Eta Gobernu espainiarrari, berriz, «dinamika horrekin behingoz bukatzeko».

Gatazkari irtenbide demokratikoa emateko, «euskal preso eta iheslari politikoen auziari, eta gatazkaren ondorioei oro har, konponbidea» eman behar zaiela azpimarratu du Sortuk. «Denak etxeratzeko ordua da, ez espetxeak betetzekoa».