300 mantal jarri ditu Sortuk Gurutzetako ospitalean inbertsioak eskatzeko
300 mantal jarri dituzte gaur Sortuko aktibistek Gurutzetako ospitalaren atarian, Barakaldon, osasungintza publikoan inbertsioa ezagatik profesionalen falta oso larria dela salatzeko.
Sortuko aktibistek 300 mantal zuri jarri dituzte Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean, lurrean, inbertsio ezagatik osasungintza publikoan falta diren profesionalen erakusgarri gisa. «Mediku, erizain, zeladore eta administratiboen eskasia inoiz baino nabarmenago gelditu den pandemia honetan», osasungintza publikoan inbertsioak exijitu ditu Sortuk eta alor horretako profesionalei babesa helarazi die.
Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak hiru ideia nabarmendu ditu. «Lehena: pandemiari ezin zaio soilik neurri murriztaileekin aurre egin. Neurri murriztaileez gain, inbertsio publikoak egin behar dira, behar diren zerbitzu publiko guztiak ere indartzeko. Gaur gaurkoz, inbertsio publiko horiek ez dira egiten ari», esan du.
Politika publikoen errotikako aldaketa ezinbestekoa dela adierazi du bigarrenik, «ikusia dagoelako nora ekarri gaituzten azken hamarkadetan eman diren politika neoliberalek, ikusia dagoelako kapitalaren eta irabazi pribatuen lojikak agintzen duenean, prekarizatzen denean eta instituzioek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten duela».
«Eta hirugarren eta azken ideia: Horretarako guztirako, gure herriak burujabetza behar du. Behar dugu gure buruaren jabe izan; erabakiak gure kabuz hartu ahal izateko aukera, botere politikoa, jendea babestu ahal izateko», nabarmendu du Rodriguezek.