INFO
Elkarrizketa
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Finala Eriken aurka jokatzea oso polita da baina oso arraroa ere bai»

Amezketarrarentzat finalak jokatzea ia ohitura bat bihurtu da, azken lau urteetan bat behintzat jokatu du eta igandekoa bere ibilbideko seigarrena izango du. Hori bai, oraingo hau denetan berezi eta arraroena izango omen da.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Sentsazioa daukat txapel hau aspaldi daukazula bekain artean sartuta, hala da?
Beste txapelketetan ere bai, baina nola konfinamenduan eta denbora asko egon ginen etxean, eta pentsatzen genuen hurrena jokatuko genuen  txapelketa banakakoa izango zela, ba bueno, saiatu naiz behintzat ahal zen ondoena egiten eta konfinamenduan lan asko egin genuen. Egia esan momentu batzuetan agobiatu ere bai, izan ere etxean zaudenean eta pilotan jokatzen noiz hasiko zaren ez dakizunean, benetan ez dakizu zertarako balio duen lan horrek guztiak, baina ordu horiek fruituak eman dituzte eta konfinamenduaz geroztik sasoiaz eta nahiko ondo aurkitu naiz eta gustura nabil.

Irabazteko aukera oso serioa ikusten zenuen?
Ez dakit, ez beste urteetan baino gehiago. Iaz adibidez Irribarriaren aurka galdu egin nuen baina partida horrek balio izan zidan ikusteko banaka ere maila altuan ibil naitekeela, 2018koa kasualitatea ez zela ikusteko. Hurrengo urteetan ere nahi izaten duzu hor goian egon eta behintzat hori lortu dut, banaka ere segida bat izatea eta alde horretatik gustura nago.

Sekula baino freskoago zaude?
Egia esan, ondo, gustura aurkitzen naiz, pilota eskutik ondo ateratzen zait, espero aste honetan ere hala irtetea, egia esan dena beharko dut, baino behintzat aurreko partidetan eta eskuinarekin pilota ondo atera zait eta uste dut igandean irabazi nahi badut mina egin behako diodala piloteoan, bestela Erik aurrean oso arriskutsu dago, tantoak bi paretaz, dejadaz, gantxoz... azkar bukatzen ari da eta min egin beharko diot.

Peñaren aurkako partidan danak txunditu zenituen baina niri ia Darioren aurka Altuna gehiago gustatu zitzaidan, beste Jokin  bat ere badela ikusi genuen, arerioa atzean zigortzen...
Ulertzen dut zer esan nahi duzun. Azkenean Peñaren aurkako partida hartan 15 edo 17 tanto egiten dituzu eta ematen du sekulako erakustaldia egin duzula,  baina ikusi behar da baita ere testuingurua. Berak ez zuen bere eguna izan, lesio batetik zetorren eta hasieratik alde handia hartu nion eta erosoago jokatzen duzu horrekin. Igandeko partida askoz zailagoa izan zen, psikologikoki eta fisikoki ere esfortzu handikoa. Partidan zehar era batera jokatzen hasi nintzen eta ez nuen asmatu, pilotari eman beharra neukan eta bigaren zatian batez ere pilotari eman egin niolako irabazi nuen, bestela bera aurrean iritsi egiten zitzaidan jokaldietara, azkar egiten zidan tantoa eta partida oso  arriskutsua atera nuen aurrera.


Teorian egiten ez dakizun horretan irabazi zenuen partida
Bai, egia esan igual bestetan pilotakada bat jotzen dudanean gehiago joaten naiz erasora eta aurrekoan ez nintzen konfiantza horrekin ikusten,bera iritsi egin zitzaidan pare bat pilotara, harrapatu zizkidan eta konfiantza galdu nuen. Tanto batzuk egon ziren sei edo zazpi aldiz segidan atzera jo behar izan nuela eta min egin nion hor eta egia esan garrantzitsua izan zen

Jotzaile handiena ez zara izango baina…
Bai, nik hori beti esan dut, jotzailea ez naiz kontsideratzen baino pilotari  abiadura ematen diot eta min egiten dut. Aurrekoan, eta aurreko partidetan ere,  aurkariak baino abiadura pixka bat gehiago eman diodalako irabazi ditut partidak.

Urte zail eta berezia aurtengoa
Bai, zaila eta arraroa. Binakakotik kanpora geratu nintzenean konfinamendua etorri zen eta aurrena pixka bat bajoia. Ez genekien gero zer egongo zen, luze joan zen eta hasi ginenean ere pixka bat kosta egin zitzaidan forma hartzea, eta gero etorri  den guztia. Egia esan gora behera handiak egon dira pilota munduan eta espero berriro ez gertatzea halakorik. Jendearen onerako, ea hemendik aurrera birus honekin aurrera egitea badaukagun, bakunak eta funtzionatzen duten eta guk kirolean, baina jendeak bere lanean, eta bereziki osasunez, aurrea egitea daukagun denok eta egoera honi buelta ematen zaion.

Hilabete nahasi horietan protagonismo handia izan zenuen, halako izan bat horren inplikatuta ez dugu askotan ikusi
Azkenean kanpotik gauzak nola bizi izan diren ez dakit. Bai, egurra dezentekoa ere eman zigutela momentu batzuetan, baina nik une horietan ez nuen hartu papera prentsan ateratzeko, komunikatu bat atera genuen baino ez nuen sekula sentitu nire burua aldarrikatu beharra, nik barruan sentitzen nuena egin nuen. Ni gaur egun bai sentitzen naiz pertsona garrantzitsu bat pilotan eta bai sentitzen nuen beharra egoera honi buelta ematen laguntzeko. Saiatu naiz, nire partetik jarri dut, beste askok bere partetik jarri duten bezalaxe. Mahaian eserita eta hitz eginez gauzak hobeto eta beste bide batetik doazela ematen du orain. Greban egon den jende guztia ere, nik uste lasaiago dagoela orain, behintzat eskatzen zituzten gauza asko lortuta, eta alde horretatik gustura.

Baina komunikatuarena eta elkartearena azken aurreko kapitulua izan ziren, zuk aurretik ere egin zenituen puntako pilotari batean ohikoak ez diren gauzak, Mastersaren aurkezpeneko adierazpenak esaterako...
Ez dut bestelako asmorik izan batere, ez dut bigarren asmo batekin ezer egin. Masterseko aurkezpenean, jende askok gaizki interpretatu zituen nire adierazpenak, baino ikusten nuen barruan gauzak ez zihoazela ondo eta nonbaitetik lehertu egingo zela dena, eta halaxe izan zen. Pilotariek barrutik ikusten genuen pixkanaka-pixkanaka  egoera gero eta larriagoa zela baina jendeak Baikoko pilotariek prentsaurreko eman zuten arte ez zuen uste egoera horren larria zenik. Jendea benetan  konturatu zen gauza larria zela pilotari batzuk ez berritzen hasi zirenean. Baina nire ustez arazoak aurreragotik zetozen, ikusi egiten zen, eta esandakoa, bukaeran bai nik eta Josebak ikusi genuen zerbait egin  beharra zegoela, horrela ezin zela segi, ikusten zen egoera benetan blokeatuta zegoela eta saiatu ginen horretantxe, arazo konpontzeko gure aletxoa jartzen.
Egia esan, hasieran greban zeudenekin ez genuen zuzen jokatu, ez genielako informatu zer egin nahi genuen eta eurek hortik aurrera gauzak aurrena gaizki ulertu zituzten baina gero eurekin elkartu eta esplikatu genienean beraiek ere ondo ikusi zuten. Eurek egin duten borroka guzti horrek pena merezi izan du azkenean gauzak aldatzeko eta alde horretatik gustura.

Eta finala ere ezohikoa, publikorik gabe eta Eriken aurka...
Dudarik gabe, oso oso  berezia. Erikekin ordu piloa sartu ditut eta erlazio oso ona daukagu. Oso polita baina era berean oso arraroa ere bai, azkenean astero pilo bat hitz egiten dugu elkarrekin, arerioen inguran aritzen gara, zer egin… elkarri laguntzen saiatzen gara eta partida eta gero kriston zoriona izaten dugu besteak irabazten badu. Aste honetan bietako bat seguru triste geratuko dala, ez da erraza izango biak gustura geratzea, hurrengo astetik aurrera berriz ere lagunak izango gara baina aste honetan tope borrokatu beharko da.

Aste honetan wassapa mutu?
Oso zaila da egoera, egunero egoten gara, egunero hitz egiten dugu eta azkenean astean zehar bi aldiz elkarrekin egiten dugu fisikoa, hortaz aparte erlazio oso ona daukagu eta esandakoa, ostegunean aukeraketan egongo gara eta igandera arte ez dugu elkarrekin hitz egingo, arraroa baino nahiko genuke orain gertatu den hau gehiagotan gertatzea eta saiatuko gara.
Aukeraketatik aurrera zer moduz dagoen ez diot galdetuko ze sentsazio dituen, nahiago dut ez baditu onak. Errealitatea hori da, eta berak ere ni berotzea irteten naizenean nahiago izango du ni lotuta ikusi edo sentsazio onak ez izatea, hori horrela da. Orain arte ez zaigu gertatu baina igandean hala gertatuko da. Azkenen errealitatea ikusi egin behar da eta onartu, niri igandean inporta zaidana da berak eguna disfrutatzea, nik ere bai, baina gogo handia dut partida on bat egin eta ea txapela ateratzen dudan.

Berak  galtzaile txarra dala esaten du eta zu ere hala zarela…
Biok ere galtzaile txarrak garela esango nuke eta ez zaigu gustatzen galtzea. Erik odol berokoa da eta bueno, niri ere eza zait gustatzen galtzea, baina  bietako batek galdu egin  beharko du eta asimilatu egin beharko da.

Galtzekotan, Eriken aurka hobe?
Hori dudarik gabe,  galtzen badut berak  irabazten du eta beragatik gustura, baino esandakoa, oraintxe bertan bakoitzak berak ahal duen ondoen prestatu eta ikusiko da.

Espero zenuen bera horren gora iristea?
Nik Jakarekin azken bi urteetan entrenamenduak askotan egin ditut eta oso arriskutsu ikusten nuen, ze gaur egungo joko azkar honetan, fisikoki ere nire ustez gorakada dezentea eman du  eta defentsan aireko pilotetan  dagoeneko  lehen baino askoz gehiago ateratzen du eta gero  eskuinarekin eta asko gozatzen du pilota, lehen baino dezentez gehiago. Horri gehitzen badiozu duen errematea, ba oso arriskutsua da, sakatu ere asko ari da egiten eta esango nuke  gauza asko egin dituela ondo. Urrutiren aurka, egia esan, ez nuen espero hain erraz irabaztea, hamahirun utzi zuen, eta gainera nagusitasun dezente erakutsi zuen partida horretan. Eta Danelen aurka ere ez nuen uste 22-6  irabaziko zuenik, baina aukerak bai ikusten nizkion irabazteko, dudarik gabe, eta honaino heldu bada berak bere buruan asko sinisten duelako da.

Exijentzia maila ere halakoa du
Bai, nik ere esaten  diot gehiegi eta dena dela. Ni ere batzuetan berdina naiz baina gauzak ez zaizkionean irteten, asko lotzen da. Baina hori da azkenean asko gustatzen zaigulako pilota eta egunerokotasunean, esnatzen garenetik aurrera  gure nahi edo eginbeharra hori delako, pilotan zentratu eta tope prestatzea

Partida hau Bilbon beharrean Amezketan jokatzea ia hobe
Bai, hemen lehen ere jokatutakoa gara makina bat. Oraingo honetan zaleek eta ezingo dute joan, nik uste bi herrietako zaleentzat tristea dala baino hau da dagoena.

Gainontzean, publikorik gabe, oso desberdina da aurtengo finalaren aurreko astea?
Zaratarik ez dago, alde horretatik lasaiago, sarrerarekin eta askotan lotura izaten da. Denek eskatzen dituzte sarrerak eta hemendik aurrera beste final batera heltzen naizenean jendeak joan behar badu igual lagunen bati esan beharko diot sarrerena egiteko, ze batzuetan pixka bat agobiatu egiten zara.
Irabazten duenak pena izango du jendearekin ezingo duelako elkartu baina gogorragoa izango da galtzen duenarentzat. Nik galdu izan dudanetan behintzat momentu tristea da, baina familiarekin eta lagunekin afaltzen duzu eta buelta ematen diozu, baina egoera honetan galtzen duenak ez du ezer izango eta gogorra izango da.

Elkar kontsolatu beharko...
Hori da, astelehenetik, edo asteartetik, aurrera elkarrekin jarraitu beharko dugu  eta hurrengo astetik aurrera berriro lagunak izan beharko dugu.