INFO

Dispertsioaren gastu ekonomikoei aurre egitea helburu duen kanpaina abiatu du Etxeratek

Etxerat elkarteak eta euskal mahastizainek bat egin dute ‘Urrun daudenengatik, topa!’ izeneko kanpainan. Ardo ekologikoa salduko dute dispertsioaren gastuei aurre egiteko.


Udatik martxan den ‘Depositoak bete elkartasun’ dinamikari jarraipena emanez, euskal presoen senide eta lagunek asteburuero sufritzen duten dispertsioaren gastu ekonomikoei aurre egitea da Etxerat elkarteak eta euskal mahastizainek abiatu duten kanpaina berriaren xedea.

Euskal mahastizainen bitartez, ardo ekologikoa salduko dute 2020ko gabonetan «elkartasuna etxeetara helarazteko», Euskal Herrian ekoiztutakoa eta giza tamainako upategi txikietan umotutakoa, asteburuero bidaian ateratzen diren lagunen artean irabaziak banatzeko.

Sei botilaz osatutako kutxak jarriko dituzte 60 euroan salgai. Adierazi dute ekarpen horri esker bidaien 592 kilometroren gastuei aurre egiten laguntzeko beste lortuko dutela.

Etxeraten egoitzetan, depositoakbete.eus webgunean zein herri eta auzoetan jarritako salmenta postuetan izango da ardo kutxak lortzeko aukera.

Kanpainaren bideoa

Bideo bat ere prestatu dute kanpainari bultzada emateko. Etxerateko Belen Aurrekoetxea eta euskal mahastizainen ordezkari Iker Ulibarrik «herria osatu eta garatu» behar dela aldarrikatzen dute bertan, «gizarte justuago» bat helburu.

«Isolatua» da baserritarren bizitza, dispertsioa jasaten duten euskal presoena nola, eta kooperatiban elkartu dira, oztopoak arintze aldera. Aurrekoetxearen alaba eta haren bikotekidea atxilotu egin zituzten, eta taldea egitearen garrantzia azpimarratzen du.