INFO

Hong Kongeko matxinadaren bozeramaileak, kartzelara

Joshua Wong, Hong Kongeko matxinadaren bozeramalerik ezagunetarikoari, eta beste bi ekintzaile ospetsuei kartzela zigorrak ezarri dizkie auzitegi batek iazko Txinaren aurkako protestetan komisaldegi bat inguratzeagatik.

Zigortuak kartzelara bidean Poliziaren furgoneta baten. (Peter PARKS/AFP)

West Kowloon-eko Auzitegiak 13 hilabete eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Joshua Wong gazteari, mendebalde-zalea den Hong Kongeko oposizioaren bozeramale ezagunari.

Agnes Chow eta Ivan Lam ekintzaile ospetsuek ere 10 eta 7 hilabete bana bete beharko dituzte giltzapean.

26 urte dituzten hirurek beren burua erruduntzat jo zuten komisaria baten aurrean 2019ko ekainaren 21ean protesta baten inguruko auziaren inguruan.

Wong Sze-lai epaileak ebatzi duenez, «akusatuek dei egin zieten manifestariei (Hong Kongeko poliziaren) kuartel nagusia setiatzeko eta poliziaren aurkakoa leloak oihukatu zituzten». Beraz. «berehala atxilotzea aukera aproposena da», gaineratu du.

«Datozen garaiak zailak izango dira, baina eutsiko diogu», aldarrikatu du Wongek epaiketa-gelatik ateratzen zuten momentuan.

Ez da 13 urte zituenetik Pekinen aurka borrokatzen hasi zenetik ekintzailea kartzelara eramango duten lehen aldia.

Lam eta Chow ere ekintzaile beteranoak dira. Hirurak oraindik nerabeak zirela «patrotismo txinatarra» erakusteko irakasgaia eskolatan sartzeko Pekinek egin zuen saiakeraren aurkako borrokan parte hartu zuten 2012, eta lehia irabazi zuten.

Bi urte geroago, lehen lerroan izan ziren Hong Kongen sufragio unibertsala aldarrikatzen zuen «Aterkien Mugimenduan». Txinak ez zuen orduan amore eman.

Iaz, aitzinako kolonia britainiarrak zazpi hilabetez matxinada gogorra bizi izan zuen kondenatuak Txinara estraditzea baimentzen zuen lege baten aurka.

Hong Kongeko gobernu titerea legea bertan behera uzteko prest azaldu zen baina oposizioa ez zen fidatu eta matxinadari eutsi zion, Pekinek lurraldean duen gero eta eragin handiagoa salatuz. 79 egunez Hong Kongeko finantza-zentroak Poliziaren eta manifestarien arteko liskar gogorrak pairatu zituen

Segurtasun lege zorrotza

Txinak gogor erantzun zion desafioari eta Segurtasun Nazionalaren lege zorrotza inposatu zuen, aurtengo ekainean onartu dena. Ordurako koronabirusaren pandemiak eta atxiloketek –jada 10.000 dira komisaldegietara eraman dituzten oposizio zaleak –matxinada erabat ahultzea lortua zuten.

Lege berriak posible egin du protesten buruzagiak atxilotzea eta dagoeneko matxinada iragana da.

Auzitegiaren kanpokaldean Txinaren aldekoak diren dozena erdi pertsona bildu dira txanpaina botilak eraikiz zigorra ospatzeko. «Bizi osorako kartzelan sartu!», oihukatu dute.

Beste espaloian, eta Polizia gainean zuela, iazko protestetan parte hartu zuen Alexandra Wong, «Grandma Wong» ezizenarekin ezaguna («Amama Wong») erabat etsita agertu da. «Jende guztia atxilotzen ari dira, diputatuak, gazteak, nerabeak, ni bezalako amona..»
 
«Karguak ezartzen dizkigute ezer egin gabe, gu ixilarazi nahian. Akabo. Protesta mugimendua amaitu da», bukatu du amonak.