INFO

Irungo Udalak Gordailuan utzi ditu Menchu Galen 40 obra

Menchu Gal artista irundarraren 40 koadro Gordailuan utzi ditu Irungo Udalak. Obrak kontserbazio tratamentu batetik igaro dira eta, hasieran batean, bost urtez zainduko ditu Ondare Bildumaren Zentroak.

Gordailuan jasoko dira Menchu Galen 40 obrak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irungo Udalan Gordailuaren eskura utzi ditu Menchu Galen 40 obra, 2007an margolariarekin egindako akordio baten ondoren Udal jabetzakoak bilakatu zirenak. Koadroak udal-egoitzan zeuden orain arte eta, hemendik aurrera, Gordailua Ondare Bildumen Zentrora igaroko dira aldi baterako, hasiera batean bost urterako, Foru Aldundiak zaindu eta gorde ditzan. Azken asteetan, mihiseei tratamendu bat eman zaie, kontserbazio optimoa bermatzeko.

«Gordailuak, ondarea kontserbatzeko erreferentziazko zentroa den aldetik, piezak egoera ezin hobean kontserbatzea bermatuko du, eta, gainera, beste museo eta erakunde batzuentzako baliabide-zentroa eta zerbitzu-plataforma denez, bildumari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea sustatuko du», azaldu dute Aldunditik.

Jose Antonio Santano Irungo alkatearen hitzetan, «luxu bat da» Menchu Galen obrak Gordailua bezalako leku batean eduki ahal izatea, «ondo gordeta, eta, gainera, margolanek hiritik atera beharrik ez izatea. Badakigu ez dagoela leku hoberik horiek uzteko eta eskuragarri izateko ikusgai jarri behar ditugun guztietan».

Bere aldetik, Harkaitz Millan Kultura diputatuak esan du hitzarmen honi esker Gordailuak ahazten jarraitu ahalko duela, lurraldeko ondare artistiko kulturala kontserbatzeko, zaharberritzeko eta haren balioa nabarmentzeko erreferentziazko zentro gisa.

Paisaiak eta erretatua

Menchu Gal  (Irun, 1918- Irun, 2008) XX. mendeko euskal margolari handienetakoa izan zen. Paisaia eta erretratua dira ospe handiena eman zioten generoak, eta horietan garatu zuen muturreko koloreekiko erakarpen berezia.

Artean lehen urratsak Irunen eman zituen, bere jaioterrian, non Montes Iturrioz margolariaren ikaslea izan zen. Gero, Parisera joan zen ikasketak zabaltzeko, eta, ondoren, Madrilen jarri zen bizitzen, San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako klaseetara joateko. Han, Arteta eta Vazquez Diaz maisuengandik ikasi zuen, baina 1936 Gerrak berriro Estatu frantsesera babestera behartu zuen.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran itzuli eta Madrilgo Eskola delakoan parte hartu zuen. Pintura Sari Nazional espainiarra irabazi zuen lehen emakumea izan zen, 1959an, ‘Un paisaje de Arrayoz’ lanarekin, eta sari hori mugarri izan zen bere ibilbide artistiko bikainean.

2005ean, Gipuzkoako Urrezko domina jaso zuen eta, 2006an, Irun Hirikoa. Urte berean adostu zuen orain Gordailura doazen 40 obra hiriari lagatzea, obraren zati bat erakusteko konpromisoarekin, hartara Irungo etorkizuneko belaunaldiek haren lana eta espiritu irekia eta independentea ezagutu zitzaten. Horrela sortu zen, 2010ean, Menchu Gal aretoa.

Menchu Galen bildumako margolan batzuk ikusteko aukera izan genuen azken aldia iaz izan zen. ‘Menchu Gal. Margotzeko bizi, bizitzen margotu. 1919-2019’, Irunen,  Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean udan egindakoak osatu zuena.