INFO

Giza kate argitsua urtarrilaren 9an Baionan, «tunelaren amaieran argi izpia» irudikatzeko

Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna onartua izan ostean, abenduaren 19ko desobedientzia ekintza suspenditu arren, urtarrilaren 9an Baionan egingo duten «giza kate argitsuan» parte hartzera deitu dute Bake Bideak eta Bakegileek.

Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak «giza kate argitsua» aurketzu du Baionan. Guillaume FAUBEAU

«Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen-izpi batekin bukatzen» dela aitortu arren, oraindik «presoen auzia behin betiko konpontzera jo beharko» dela iritzi diote Bake Bideak eta Bakegileek. Ondorioz, abenduaren 19rako iragarri zuten desobedientzia zibileko ekimena suspenditzea erabaki bazuten ere, oraindik mobilizatzen jarraitzeko beharra ikusten dute eta urtarrilaren 9an Baionan antolatu duten «giza kate argitsuan» parte hartzeko deia luzatu dute.

Baionako merkatuan gaur goizean egin duten agerraldian datozen egunetarako antolatu dituzten ekimenen berri eman dute Bakegileek eta Bake Bideako ordezkariek.

Horrela, irailaren 19an burutu zuten ekimenean egin zuten moduan, datorren abenduaren 26an ere herrietatik abiatuko den ekimen kultural bateratu bat izango da Ipar Euskal Herrian, 'Argitu Plazak' deitu dute, eta ekintza honen inguruko zehaztasunak datozen egunetan emango dituztela iragarri dute.

Bestalde, ohiko moduan, mobilizazioa jendetsu batekin hasiko da 2021. urtea. Aurten «tunelaren bukaeran argi izpi bat badela» irudikatu nahi dute, eta horretarako 2.000 pertsonen laguntza behar dutela jakinarazi dute.

Osasun neurriei egokitutako mobilizazioa izango da, Baionako Genie zubia eta herriko etxea batuko dituena. Errobi ibaiaren ertzean lerratuko dira manifestariak giza katean, eta horrela «bakerako bidea "Orain Presoak!" da, hori argi dugu eta hori aldarrikatuko dugu», azaldu du Emilie Martin bozeramaileak.

Testuinguruari egokitzen

‘Argi dugu. Bakerako bidea. Orain presoak!’ goiburua izango du urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:30an Baionan burutuko den mobilizazioak eta egungo testuinguruari egokitutako ekimena dela azaldu du Anaiz Funosasek, Bake Bideako lehendakariak.

Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunaren inguruan ere mintzatu da Bake Bideako lehendakaria: «Positiboki baloratzen dugu, hemen urteetan garatu den bidearen lehen fruitu emankorrena izan da, herri mobilizazioaren garaipen indartsuena, horregatik, keinu gisa deliberatu dugu suspenditzea abenduaren 19an aurreikusi genuen desobedientzia ekintza masibo inportantea, blokeoari erantzun behar ziona, baina adi egongo gara, zeren ez dugu onartuko Xistorren kasua salbuespen bat izatea».

Abenduaren 19rako iragarri zuten desobedientzia ekintza bertan behera uztearen arrazoia ere egungo testuinguruan kokatu du Bake Bideako lehendakariak: «Ekintza desobedientea suspenditzeak ez du esan nahi etxean geratuko garenik, gure mobilizazioekin jarraituko dugu, unean uneko testuingurura egokitzen ditugu gure mobilizazioak, hemen ez da aldaketarik, bidea berdina da, hau da, jendarte zibila erdian, aktibo, Euskal delegaritzari eta Parisi laguntza ematen irekitako lan esparruak bururaino garatu daitezen».

Duela hiru urte Parisen

Abenduaren 9a Emmanuel Macron frantziar presidenteari «bake prozesuan aitzina egin behar zela esateko» Parisera abiatu zen mobilizazioaren urteurrena dela oroitu du Funosasek eta, Orain Presoak dinamika, egun hartan frantziar hiriburuan bildu ziren 10.000 lagunek abiatu zutela oroitarazi du.

Ordutik emandako urratsak nabarmendu ditu eta zera azpimarratu du: «orain etapa berri batean gira, aterabide integrala eman behar diogu afera honi».

Hasiera batean urrats esanguratsuak eman baziren ere, euskal presoen gerturatzea kasu, 2020. urtea ireki zuen mobilizazioa blokeo egoera baten erdian gauzatu zen.

Urteak aurrera egin ahala ordea, korapiloa askatzeko urratsak eman ziren, Gobernu frantseseko ordezkaritzarekin biltzen den Euskal Delegazioaren aldetik, zein gizarte zibilak buruturiko mobilizazioen aldetik.

«Guk esan genuen 2020an aldaketa bat nahi genuela, ez dakigu aldaketa hori baden, baina gu joango gira konfirmatzera ondoko asteetan benetako aldaketa sakona ematen ari dela bake prozesuaren garapenean», azpimarratu du Funosasek.

Urte hasieran ez bezala, egun Gobernu frantsesa eta euskal delegazioaren artean harremanak badira eta datozen asteetan haien arteko bilkura bat izango dela ere jakinarazi du, baina artean mobilizatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du Funosasek: «Guk mobilizatzen jarraituko dugu, gure lana bukatuko da auziari egiazko irtenbide integral bat ematen zaionean, hau da iraganeko korapilo guztiak askatuak direnean eta Euskal Herrian benetako ariketa demokratikoa garatzea posible izango denean».

Urte gorabeheratsua

Euskal Delegazioa eta Gobernu frantsesaren arteko elkarrizketak etenda, urtea «blokeo egoera» batean hasi zela salatu zuten Bakegileek eta Bake Bideak urtarrilaren 11an Baionan egin zen mobilizazioan. Ekainean, blokeoa altxa eta elkarrizketei berrekin zietela jakin arazi zuen euskal delegazioak, baina artean, euskal presoen auzian ez zen aldaketarik eman.

Ekainaren 25ean Jakes Esnal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera aztertzeko auzia izan zen eta fiskaltzaren jarrera «saboteatzailea» ikusirik, 600 lagunek bake prozesuak «blokeo egoeran» jarraitzen zuela ohartarazi zuten. Ondorioz, Esnalen askatasuna eskatzeko giza katea egin zuten Donibane Lohizunen ekainaren 27an.

Bi egun geroago, herri hauteskundeen biharamunean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabala bildu zen Mont De Marsango espxearen atarian, bertan espetxeratzeko agindua zuen Mikel Barriosi babesa emateko. Jean-René Etchegary Euskal Elkargoko lehendakariak salatu zuenez, «fiskaltzak bake prozesuari bizkar ematen dio».

Uztailaren 9an Frederic 'Xistor' Haranbururen hirugarren askatasun eskaera aztertu zuen Parisko Zigorrrak Ezartzeko Auzitegiak. Bi aste geroago jakin arazi zuen epaileak, 30 urteren ostean Senpereko presoa baldintzapeko askatasunean aske uztearen aldekoa zela, baina fiskaltzak beste behin ere helegitea ezarri zuen, eta ondorioz Haranburu espetxean atxiki zuten. Horren aurrean, herritarrak berriz mobilizatu ziren Senperen, fiskaltza antiterroristaren jarrera gaitzesteko.

Hurrengo mobilizazio esanguratsua irailaren 19an gauzatu zen Baionan. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hainbat herritan ekimen desberdinak egin ostean hiru zutabetan iritsi ziren manifestariak Baionara eta Suprefeturaren kanpo aldean horma bat eraiki zuten Gobernu frantsesaren jarrera itxia irudikatzeko.

Egun gutxiren buruan, euskal presoen kontrako beste albiste bat gailendu zen. Hirugarrenez ukatua izan zen Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaera. Ipar Euskal Herriko hamalau ordezkari politiko esanguratsuk sinatu zuten idatzi batean epailearen deliberoa «exekuzio agindu batekin» alderatu zuten.

Giroa pil-pilean zenean etorri zen Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasuna eta baita Jakes Esnal Saint Martin de Ré uharteko espetxetik Lannemezanera gerturatzeko erabakia ere. Honen aurrean, aldarrien «tonoa» apur bat aldatu eta abenduaren 19rako iragarri zuten desobedientzia ekintza bertan behera uztea erabaki zuten Bakegileek eta Bake Bideako kideek. Alegia, Euskal Delegazioak Gobernu frantsesarekin izan ditzakeen elkarrizketak errazte aldera mobilizazioen izaera egokitzea erabaki zuten.

Gauzak honela, datozen egunetan izango diren mobilizazioen antolatzaileek prozesuan aurrera egiteko «argi izpi bat badela» nabarmendu nahi dute, baina ohartarazten dutenez, «zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta bateraezinagoa da presondegiaren nozioa bera bakerako bidearekin».

Horregatik, egoera larrian gaixo dagoen Ibon Fernandez edo 30 urte espetxean daramaten Jakes Esnal eta Ion Parot askatzearen beharra azpimarratzen dute, zeren haien esanetan, «Xistorren baldintzapeko askatasunak ez du araua berresten duen salbuespena izan behar, baizik eta, alderantziz, gatazka honetatik ateratzeko behin betiko borondatea izan behar du guztiontzat».