Angeluko higiezinen agentzia batek eginiko publizitate kanpainak hautsak harrotu ditu
«Ondasunen salmenta eskasia ikusirik, prezioak ez dira sekula hain aldekoak izan saltzaileentzat. Zergatik ez olatu hau hartu?». Frantziar hiri handietatik heltzen diren bezeroei etxebizitzak saltzearen onurak aipatzen dituen posta bidezko publizitate kanpainak sutan jarri ditu sare sozialak.
Herritar askorentzat etxebizitza bat atzematea gero eta zailago bilakatu den lurralde batean Angeluko higiezinen agentzia batek eginiko publizitate kanpainak hautsak harrotu ditu.
Posta bidezko publizitatea baliatuz aipaturiko higiezinen agentzia horrek etxe jabeak gomitatzen ditu, eguberriko sasoian gehienbat frantziar hiri handietatik helduko diren bisitarien etorrera baliatuz, beti ere beraien etxea ahal den eta prezio altuenean saltzeko.
«Besta handiak hurbil direlarik, hiri handietako gure lagunak euskal kostaldera heldu dira paradisu xokoak atzemateko itxaropenez», azaltzen du gutunak Kazeta.eus atariak jakitera eman duenez.
Angeluko Larochefoucauld auzoko Orpi higiezinen agentziak azaroaren hondarrean banaturiko idatziak horrela jarraitzen du: «Ondasunen salmenta eskasia ikusirik, prezioak ez dira sekula hain aldekoak izan saltzaileentzat. Zergatik ez olatu hau hartu?».
Ika-mika bizia sortu duen publizitate kanpainia horren baitan Angeluko higiezinen bulegoak bere etxebizitzaren doako prezio estimazioa proposatzen dio idatziaren jasotzaileari, beti ere salmentari bidea zabaltzeko xedez. Idatziaren amaieran egungo krisiari aipu egiten dio publizitate horrek.
«Egoera hain konplikatua den honetan, ez dugu gure auzoa uzten eta zuengandik hurbil gelditzen gara», nabarmentzen du idazkiak.
Higiezinen bulegoak banatu duen gutunak ez ditu epel utzi sare sozialetako erabiltzaileak. Bertako herritarren anitzek, eta bereziki gazteek etxebizitza aurkitzeko dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte erabiltzaile ainitzek.
Angeluko agentziako arduradunak, bere aldetik, salaketa jarri du sare sozialetan mehatxuak jasan izanagatik.
Agentziaren eraskuleihoaren gainean ‘Euskal Herria ez da salgai’ leloarekin margoketa aurkitu ondoren, beste salaketa bat jarri du «pertsona ezezagunaren kontra».