Erik Jaka Lau eta Erdiko finalerdietan da Peio Etxeberriari ozta-ozta irabazita (22-21)
Lizartzakoak asko sufritu behar izan du maila aparta eman duen pilotari baten kontra garaipena eskuratzeko, baina azken tantoetan hark baino zuzenago jokatu du. Artola edo Ezkurdia izango du hurrengo aurkari Buruz Buruko txapeldunak.
Erik Jaka Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietara sailkatu da Peio Etxeberriari 22-21 nagusitu ondoren. Buruz Buruko txapeldunak izerdia majo bota behar izan du maila aparta eman duen aurkaria menderatu eta lau onenen artean sartu ahal izateko. Bere hurrengo aurkaria Artola eta Ezkurdiaren arteko kanporaketako irabazlea izango da.
Ostiral gauez Bilbon jokatu dena neurketa gogorra izan da, erritmo oso bizian jokatutakoa. Peio Etxeberriak ez dio beldurrik izan Jakak horren berea duen erritmo azkar eta eroan jokatzeari, eta irabazteko zorian egon da. Zenotzeko aurrelaria 16-18 eta 20-21 aurreratu da markagailuan, baina azken unean ez du asmatu norgehiagoka ixten.
Erremate asko eta onak izan ditu partidak, baina nekearen eta erritmoaren eraginez azken txanpan hutsak izan dira nagusi. Eta eromen horretan Jakak hobeto asmatu du. Etxeberriak, aldiz, erremate asko huts egin ditu azken tantoetan. Hori bai, 21nako berdinketarekin txokoan goxo utzitako pilota zentimetro gutxigatik joan zaio behera eta oso gutxigatik geratu da finalerdietatik kanpo.
Jakak 7 izan ditu eginak eta 12 galdutakoak; Etxeberriak 9 egin ditu eta 15 galdu. Partidak 61 minutuko iraupena izan du eta 290 pilotakada jo dituzte.
«Ez dut uste partida ona izan denik. Erritmo bizia bai, baina huts gehiegi egon direla iruditu zait. Eta bizitasun horretan pilota berari biziago atera zaiola iruditu zait. Ni oraindik buruz buruko posturarekin ikusi naiz, pilota behetik gora joz, eta horrelako aurkari baten kontra hori garesti ordaintzen da. Baina sufritzen jakin dut, eta lana eginda beti izaten da garaipena lortzeko aukera», aztertu du Erik Jakak bere garaipen estua.