INFO

Ipar Euskal Herria irudikatzen duen «alokairuen mapa» aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu duen txostenaren arabera, Lapurdiko kostaldetik barnealdera eman zen alokairuen hedapenaren ostean, prezioak egonkortu egin dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Abenduaren 11an aurkeztu zen alokairuen txostena Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan. (Bob EDME)

Euskal Hirigune Elkargoak Baionan duen egoitzan abenduaren 11an aurkeztutako txostenak Ipar Euskal Herrian alokairuen prezioak egun nola diren eta azken urteetan zein garapen eman den azaltzen du. Hots, Lapurdiko kostaldean alokairuen prezioek gora egin ostean barnealdeko alokairuek ere gora egin zuten, baina azken datuen arabera prezioak egonkortu egin dira lurralde osoan.

Duela bi urte, Bizitegien Tokiko Programa abiarazi zuen Euskal Elkargoak. Jada 2014ean hasitako lanketa bati segida emanez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako etxebizitzen alokairuen inguruko informazioa biltzeko sei urteko plan estrategiko bat abiarazi zuen.

Gauzak honela, berriki seigarren txostena aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoak eta berrikuntzak atxiki ditu Ipar Euskal Herriko «alokairuen mapa» osatuagoa izateko helburuarekin. Esate baterako, 2018. urtera arte azterketak burutzeko 29 herri hartzen ziren kontuan. Orain ordea, 84 herri dira azterketa egiteko behatzen dituztenak.

Guztira 4.311 etxebizitzen alokairuak aztertu dira, zonaldeka, bataz besteko prezioak kalkulatzeko eta etorkizunean egingo diren azterketetan ere ahalik eta etxebizitza pribatu gehienen azterketa egiteko asmoa dute txostenen egileek.

Alokairu turistikoen eragina

2018. urtean lehen diagnosia egin ostean, 2019an bildutako datuekin landu duten gaia honakoa da: «Opor sasoiko alokairuek eta alokairu turistikoek urte osoko alokairuen merkatuan duten inpaktua».

Batez ere Lapurdiko lurraldean garatu da datu bilketa, alokairuen eskari handiena bertan ematen baita. Gainera, ikerketek erakusten duten moduan, kostaldeko errealitateak inguruko herrien prezioetan eta eskarian ere eragin itzela izan du.

Horrez gain, ikuspegi zabalago bat izateko asmoarekin, Lapurdirekin mugan diren zenbait herri ere kontuan hartu dira, Landetako hegoaldean diren Tarnos, Ondres, Labenne edo Saint-Martin-de Seignanx herriak kasu. Zuberoa eta Nafarroa Behereko hirigune garrantzitsuenetan egoera zein den ere aztertu dute, hala nola, Maule, Donibane Garazi eta Donapaleun.

Esan beharra dago ez dela batere erraza alokairuen inguruko azterketa bat egitea, eremu pribatua den neurrian informazio orokorra eskuratzeko bitarteko fidagarririk ez baita, baina hain zuzen ere zailtasun horri erantzuteko batu ziren higiezinen enpresak, alokairuen berri ematen duten atari digitaletako plataformak eta erakunde publikoak.

Alokairuen hedapena

Lapurdiko kostaldeko alokairuen prezio garestien ondorioz, inguruko herrietan eskaria aunitz handitu zela erakusten zuen 2018ko txostenak; izan ere, kostaldean etxebizitza gutxi daudenez, herritar asko, bereziki gazteak, barnealdeko udalerrietara lekualdatu ziren. Ondorioz, hedapen horrek zein garapen izan duen aztertu zuten 2019ko txostenean.

Eta bi dira hedapen horren ondorio nagusiak. Batetik, kostaldetik gertu ziren herrietan eskariak gora egin zuen neurrian, prezioek ere gora egin zutela, eta bigarren datu esanguratsua, zera da, hedapen horren ondorioz eman ziren prezio igoerak egonkortu egin direla. Hau da, hasiera batean prezioek gora egin bazuten ere, azken bi urteetan bere horretan mantendu dira, bataz besteko prezioan aldaketa nabarmenik izan gabe.

2019ko azterketaren berri ematen duen txostenak badu beste gehigarri bat. Aurreko txostenetan ikerketaren emaitzak zehatzago azaltzeko lau zonalde zedarritzen ziren, zonalde bakoitzaren berezitasunak azpimarratu eta gainontzekoekin alderatzeko. Azterketa berrian ostera, jada seinalatuak ziren zonalde batzuetan herri gehiago atxiki dira, baina batez ere, alokairuaren eskariak izan duen hedapena kontuan hartuta, hedapen hori eman den zonalde berria atxiki da. Alegia, azken azterketak bost zonaldeetako egoera erakusten du.

Zonaldeen arteko desberdintasunek adierazten duten moduan, alokairuak kostaldean dira garestienak eta handik urruntzean prezioek pixkanaka behera egiten dute. Adibidez, kostaldean alokairuen bataz besteko prezioa metro karratuko 11’7 eurokoa da. Aitzitik, Maulen, metro karratuko 7’2 eurokoa da. Ipar Euskal Herriko datu orokorra, berriz, bataz beste metro karratuko 10’5 eurokoa da.

Beste modu batera esanda, azterketak eskaintzen dituen datuen arabera, Ipar Euskal Herrian 66 metro karratu dituen etxebizitza baten alokairua bataz beste 651 euro kostatzen da, eta Lapurdiko kostaldean ostera, 62 metro karratuko etxebizitzen alokairuak bataz beste 725 euroko balioa du.

Biarritz eta Bidart garestienak

Lehen aldiz alokairuen prezioen karta «ofizial» bat eratu da Akitania Berriko eskualdean, eta horretarako SeLoger, Leboncoin eta PAP atarietan 2015 eta 2019 artean argitaratu ziren 9 milioi iragarki hartu dira kontuan.

Gobernu frantsesak bultzatutako egitasmo honek Euskal Elkargoaren txostenak egiteko modua hartu du erreferentzia gisara, beraz esan daiteke Ipar Euskal Herriko lanketa aitzindaria izan dela. Euskal Elkargoaren baitan den AUDAP agentzia da txostenen egilea eta bere atari digitalean eskura daitezke azken azterketen emaitzak.

Bestalde, Frantziako Ekologia Ministerioaren atarian abenduaren 4an argitaratu zen txostenean bi eredu hartzen dira kontuan, hots, 49 metro karratuko etxebizitzak eta 92 metro karratu dituzten etxebizitzak, eta eredu horiek oinarri hartuta eratu dira zonaldeetako datu orokorrak.

Datu horien arabera, Akitania Berriko eskualdean etxebizitza bat alokatzeko herri garestiena Saint-Martin-de Ré da, 14,2 euro ordaintzen dira metro karratuko uharte famatuan. Bigarren garestiena Biarritz da, metro karratuko 13,9 euroko alokairuak dituena, eta jarraian, Burdeos, Arcachon eta Talencia hirien ostean, seigarren postuan berriz ere Lapurdiko herri bat agertzen da alokairu garestienen zerrendan; Bidarte, 13,4 euro ordaintzen dira bertan metro karratuko.