INFO

Tabernariek ez dute ahaztu erretilua nola eramaten den

Edalontzi beteak atera eta hutsak sartu, terrazatik taberna barrurako joan-etorrian. Bitartean, herritarrak, alderrai, eguerdiko poteora batzeko mahai libre baten bila. Tabernak ireki dira asteburuon, eta gogoz hartu dituzte bezeroek.

Bergarako Irala kalea, herria alerta gorrian zegoenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Ez ote zitzaizun ahaztuko erretilua eramatea?» Egiatan, ez, urteak daramatza ostalari gisa lanean eta erretiluetako edalontzi hustek ez dute dantzarik egin, baina bezeroaren txantxari heldu dio, «atzo erori zitzaizkidan gauza batzuk, bai!»

Tabernara sartu da edalontzi hutsak lagatzera, eta beste zerbitzariak bi ardo-kopa eta bi kafe atera ditu mahaira. Abisua bota du: «Hemen eserita ezin da erre, e. Lehen justu udaltzaingoa pasa da eta guri eskatzen dizkigute kontuak». Mahaiko hiru erretzaileek segituan itzali dituzte zigarroak. «Egia, ez nintzen gogoratzen, barkatu», esan dio batek zerbitzariari, eta mahaitik altxa da, gainontzeko bezeroekiko distantzia hartuta, piztutako zigarroa zupatzera; norbait gurutzatuko bazitzaion kea bufada batez bota eta maskararekin aho-sudurra estaltzeko errituala errepikatuz.

Bergarako taberna honek betidanik igandeetan itxi izan du, asteroko atseden egun bakarra hartzeko. Gaur, ostera, irekitzea erabaki dute. Terraza arraro-xamar antolatuta dago. Lehen, pandemiaren aurretik, mahaiak elkartuago zeuden, hiruzpalau mahai altu tabernaren sarreran eta terraza zabalago bat ataripean. Distantzia mantentzeko, baina, mahai altuak kendu eta terrazakoak, gutxienez hamabi, errenkadan jarri dituzte, ataripean barrena. Erretilua eskuan zerbitzariek egin behar dituzten joan-etorriak gutxienez hirukoiztu egingo ziren.

Eguerdiko 12.30erako terraza bete da, azkenengo mahairaino. Mahaikide batek kontatu du larunbatean bere lagun bat mahai horretan eseri zela, errenkada luzeko azkenengoan, eta momentu batean pareko arrandegiko bezero ilarak inguratu zuela kafea hartzen ari zen bitartean.

Helduak dira bezero gehienak, baina gazte koadrila bat ere badago. Batzuk kafearekin eta besteak ardoarekin kointziditzen duten ordu arraro hori da. Errazagoa da taberna honetan lekua hartzea herriaren erdialderago daudenetan baino, Irala kaleko igande eguerdiko poteoak, are gehiago, agian, denbora luze taberna bat ezin zapaldu egon ostean, ez baitu barkatzen, eta aise hasten dira bergararrak terraza bila alderrai, koronabirusa herrira iritsi aurretik joango ez ziren auzoetan mahai libre baten bila.

Bergara erdialdeko taberna gehienak, Irala kalekoak, astebururako irekitzea erabaki dute, eta eguerdian mahai guztiak bete dira. Guztiak, Pol-Pol tabernakoak salbu, arduradunek itxita mantentzea erabaki baitute. Ibon Leibar Pol-Poleko langileak esan du ziurrenik astelehenean irekiko dutela, «proba» egiteko, aste barruan lasaiago ibiliko direlakoan eta Gabonak nola etorriko diren aurreikusi ahal izateko, ez baita erraza egoera honetan taberna irekitzea. «Ez dira lan ordu berdinak, lehenago itxi behar da taberna, eta segurtasun neurriekin ere dena perfekto egitea oso zaila da», esplikatu du.

Bitartean, Zestoan…

Tabernen irekierak Bergaran izan duen erantzuna ikusita ulertu daiteke kilometro batzuk kostalderago, Zestoako Iraeta auzoan, aurreko asteburuetan baino jende gutxiago egotea. Zumaia, Aizarnazabal edo Zestoatik joandakoak saldoka ibili dira aurreko igandeetan, eguraldiak lagundu duenetan behintzat, Iraeta, Arroa Goia edo Ibañarrieta auzoetan gora-behera paseatzen, bizikletaz edo oinez familian, paletan edo pilotan Iraetako frontoi txikian. Ibañarrietako auzotar batek hala esan zion tabernak itxita zeudeneko igande eguzkitsu batean, harriduraz jendetza ikusita, txakurrarekin kalean zebilen auzokideari: «Hauek zer ditun, hego-haizeak ekarritakoak?».

Igande honetan, ordea, ez da halako jendetzarik ibili, eguraldiak menia eman badu ere. Lasai zegoen Iraeta auzoa, ohi bezala.

Bitartean, Zestoako Koiote tabernan terraza zabalduta zegoen Foru Plazako lur galtzadarrian, langileek mantak eskaini dizkiete terrazan hotzez zeuden bezeroei eta aldapan behera, koadrila gazteak Fati eta Mollergi tabernetan eseri dira.

Aspaldiko partez, lanpetuta ibili dira tabernak eta jatetxeak irekitzea erabaki duten ostalariak. Baina irekitzeak sektorearen itolarria arinduko duen edo ez, ziur aski, ez du terraza bete batek iragarriko.