INFO

Hiru urteko haur baten bortxaketa ikertzen ari dira Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuan

Hiru urteko neska baten bortxaketa ikertzen ari dira Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuan. Gobernuz kanpoko erakundeek segurtasun falta behin baino gehiagotan salatu dute.

Uholdeek egoera are eta larriagoa egin dute Lesboseko kanpalekuan. (ZAPOREAK)

Greziar Polizia hiru urteko neska baten bortxaketa ikertzen ari da, Lesboseko errefuxiatu kanpalekuko komun baten ondoan konorterik gabe eta odolez aurkitu ostean.

ERT greziar telebista publikoak jakinarazi duenez, mediku forentse bat izango da sexu erasoaren inguruko ikerketaren ardura hartuko duena. Lehen unean artatu zuten medikuek baieztatu dute haurrak dituen zauriak bortxaketa baten ondorio izan daitezkeela.

Asiloa eskatu duen Afganistango bikote baten alaba da hiru urteko haurra. Bart gauean topatu zuten, komun batzuen alboan botata. Lehen sorospenak egin ostean, irlako hirigune nagusi den Mitileneko ospitalera eraman zuten.

Gobernuz kanpoko erakundeek kanpalekuko segurtasun falta behin baino gehiagotan salatu dute, baita irailean Moriakoa kiskali ondoren eraiki zen errefuxiatu gune berriak ez dituela gutxieneko baldintza batzuk betetzen ere.

Itsasoaren ondoan kokatu duten gune honetan 7.000 errefuxiatu baino gehiago pilatzen dira eta haietako 2.400 inguru haurrak dira. Neguan sartzear gauden honetan, berogailurik gabeko karpetan bizi dira eta, azken asteetan, euriteek uholdeak eragin dituzte, egoera are eta okerragoa bilakatuz. Elektrizitatea ere sarri mozten diete.

Greziako Gobernuaren arabera, 10.000 lagun bildu ditzake kanpaleku berriak eta uda amaieran estalia izango den beste batera mugituko dituzte bertan dauden pertsonak.