INFO

Sei puntistak hartuko dute parte larunbatean hasten den izar nagusirik gabeko Buruz Burukoan

Antxon / Hormaetxea eta Arbe / Aaron izango dira final-laurdenetako kanporaketak, eta finalerdietan zain egongo dira Aimar eta Beaskoetxea. Aimar Aldazabal, iazko finalista, izan daiteke faborito nagusia, Diego Beaskoetxearen baimenarekin.

Aimar eta Lopez, iazko finalaren osteko sari banaketan (JAWT)

Gaur eguerdian aurkeztu dute Berriatuako udaletxean Banakako Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketa, garai bateko Buruz Buruko Txapelketaren oinordeko izan nahi duena baina parte-hartzea ikusita maila berean ipini ezin daitekeena.

Aurten sei puntistak hartuko dute parte. Lehenik final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira, eta irabazleek serie buruak izango dituzte zain finalerdietan. Zehazki, Antxon / Hormaetxea eta Arbe / Aaron izango dira lehen kanporaketak, eta finalerdietan zuzenean sartuko direnak Aimar eta Beaskoetxea izango dira.

Neurketa guztiak Berriatuako Mendibarren pilotalekuan jokatuko dira, hurrengo hiru larunbatetan 18.00etan hasiko diren jaialdietan: final-laurdenetako norgehiagokak abenduaren 19an jokatuko dira, finalerdietakoak abenduaren 26an, eta finala urtarrilaren 2an.

Lehiaketa Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du, eta komunikabideetara bidalitako oharrean azken urteetako irabazle zerrenda aipatzen da: iaz eta 2017an Lopezek irabazi zuen; 2018, 2016 eta 2015ean Goikoetxeak; 2014an Egiguren II.ak… Argi dago izen horiek denak gabe, lehiaketaren maila nabarmen jaisten dela. Aimar izango da, iaz finalera iritsi ostean, aurten irabazteko faborito nagusia Beaskoetxearen baimenarekin