INFO

‘Euskal Herriko animaliak’, mundu misteriotsu bezain erakargarria liburu eginda

Gure gertuko basoetan eta uretan bizi diren animalia enblematikoak bildu dituzte Asier Gorostidi eta Igor Sarralde ilustratzaileek elkarlanean egin duten lehenengo liburuan, ‘Euskal Herriko animaliak’ (Erein). Eredu zientifikotik aldenduz, eta euskaraz, mundu harrigarri eta magiko bat biluztu dute.

Uzta-sagua, karraskari guztien artean txikiena. (Gorostidi eta Sarralderen ilustrazioa. Erein)

Kirikiñoak 5.000 arantzetik gora izaten ditu eta erasotzaileetatik babesteko erabiltzen ditu. Hala ere, trikimailu horrek ez du beti funtzionatzen eta azeriak, adibidez, gai izaten dira trikuaren babes-osagai horiek sahiesteko. Satitsua berriz, ugaztun guztien artean txikiena da, baina ez fidatu, oso erasokorra izaten da. Untxi kumeak jaiotzen direnean ez dituzte begiak zabaltzen eta ez dute ilerik, eta oso baldarrak dira erbiak ez bezala. Hauek munduratzen diren unetik beretik daude prest lasterketarako, eta begiak zabal-zabal dituzte.

Eguzkia gorde eta ilargia atera arte egon gintezke naturak oro har, eta gure faunak, zehazki, kontatzeko dituen bitxikeriak aletzen. Gertu dugun mundua, hurbil ditugun habitatak, baina maiz hain ezezagunak…!  ‘Euskal Herriko animaliak’ liburu ilustratuaren orrialdeetan murgiltzea baso batean sartzea bezalakoa da, asmo horrekin sortu eta egituratu dute Asier Gorostidi eta Igor Sarralde ilustratzaileek. Batzuk egunerokotasunean ikusten ditugu, eta beste batzuk topatzea zailagoa da, ia ezinezkoa. Eta harridurarako tartea ere egongo da. Ba al zenekien gure uretan izurdeak eta dordokak bizi direla?

Gure lurraldeko 50 espezie enblematiko aukeratu dituzte beren bi zaletasunak uztartzea ahalbidetu dien proiektu honetan: ilustrazioa eta animaliak. Guztiez hitzegitea ezinezkoa denez, ornodunak aukeratu dituzte bildumarako, eta hiru taldetan banatu dituzte: ugaztunak, hegaztiak eta anfibioak eta narrastiak.

Liburua «ezagutza tresna» bezala aurkeztu dute ostegun honetan Donostian. Testuak oso laburrak dira, eta badute zorroztasun zientifikoa, baina liburu zientifiko edo animalien liburu-gida arruntetatik aldendu dira, erabat. Beste molde batetik komunikatu nahi zuten, irudiari protagonismo osoa emanez eta informazioan bitxikeria ugari eskainiz. «Ume batek zein heldu batek irakurtzeko moduko liburua behar zuen izan, eta arreta bereganatuko zituen bitxikeriak eta irudiak emanez», adierazi du Bartzelonatik Igor Sarraldek.

Hizkuntzarena beste gako bat da. Euskaraz egin dute. Zentzu horretan ere antzematen duten hutsune bat bete gogoz. «Animalien izenak oro har gazteleraz ezagutzen ditugu, ez dago horrelako lanik gure hizkuntzan, beraz horretan ere lagundu nahi dugu. Animaliak beraiek ez ezik, haiek izenak euskaraz ere ez daitezen desagertu. Inoiz esaten didatenean mendian oreina ikusi dutela, ea ez ote zen orkatza galdegiten dut. Bi animalien artean 100 kiloko alde dago, besteak beste, baina ez ditugu ezberdintzen. Gazteleraz bai, ordea», aldarrikatu du bestalde Asier Gorostidik.

Atal bakoitzaren bukaeran, gainera, badaude animalia hauek beren inguru naturalean nola topatu jakiteko lagungarri den informazioa. Adibidez, haien aztarnak nolakoak diren irudikatu dute lurreko markak interpretatzen laguntzeko. «Niri behintzat ilusio handia egiten dit mendian halakoak topatu eta jakitea azkonarra igaro dela gauean bertatik, edo urtxintxak bere despensatxoa non duen ezagutzea…», aipatu du Gorostidik.

Eskuz eta bizi-bizi

Sortze prozesua soilik, alde artistikoa, nahiko luzea izan da, urtebetekoa. Teknika digitalak alde batera utzita, eskuz egindako marrazkiak dira, akuarelaz eta koloretako arkatzez. «Denbora gehiago eman dugu modua artisauagoa delako eta hanka sartuz gero ez dagoelako atzera egiterik, berriro hastea baino ez da gelditzen, bai uste dugu emaitzan nabari dela eskuzko lana dagoela atzean», esan dute. Eta bitxia bada ere, lau eskuren artean ondutako lana izan arren, ikusleak behintzat ez du ezertan igarriko. «Agian neurri batean bakoitza saiatu da bestearen estilora hurbiltzen. Guk badakigu nork egin duen zer, baina hortik kanpo, inork ez du sumatuko», adierazi du Gorostidik.

Sarraldek zehaztu duenez, behin irudiak eskuz eginda, pantailara irauli eta bertan eman zaizkio azken ukituak, detailetxoak, nolabait beharrezkoa zen kasuetan lana borobiltzeko. Eta irudietan ere irakurleak sentituko du bizitza dagoela, ilustrazioak ez baitira estatikoak, animalia disekatuak bailirian. Ez, hemen bizi-bizi daude, kuxkuxean gaudela in fraganti harrapatu izan bagenitu bezala.